Aurtengo Ibilaldiak, Bizkaiko ikastolen alde maiatzaren 31n Galdakaon eginak, bere antolaketan, omenaldi bat eskaini nahi izan die euskal sukaldaritzan arituriko pertsona batzuei. Horien arteko bat, Xabier Kintana euskaltzaina da, baina ez, hain zuzen, jakiak prestatzen izandako arrakastagatik, 1984. urtean, Sukalde eta Ostalaritzarako Hiztegia (euskara/gaztelania, gaztelania/euskara) izeneko liburua prestatu eta kalera ateratzeagatik baizik.
Hiztegitxo horretan gastronomia arloko lexiko berezia eskaintzen du euskaraz: barazki, ortuari eta arrain motak, ganaduen okela, errai eta zatien izenak, fruitu eta gozokiak, gazta eta esnekiak, adibidez. Bai eta sukaldeko eta mahai gaineko tesneria ere, janariak prestatzean erabili behar diren aditzak ahantzi gabe: erre, egosi, frijitu, gardostu, gainerre... Azkenean, badakartza sukaldaritzako jaki prestatu edo plater ezagunenen izenak ere, bertoko sukaldariek beren gastronomia-artelan bikainak gure hizkuntzan aurkezten laguntzeko.