Maiatzaren 22an, Tolosako Udaletxean, Antonio Zavala zena omendu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak, Tolosako Udalak eta Euskaltzaindiak. Ekitaldi horretan hauek mintzatu ziren: Jokin Bildarratz Tolosako alkatea, Joxemari Iriondo eta Pello Esnal euskaltzain urgazleak eta Auspoa taldeko partaideak, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia.
Gaur Plazaberrira ekartzen dugu Joxemari Iriondok Tolosan eman zuen hitzaldia.
"Kazetari ere bazen Antonio, periodikuan idazten zuen-eta. Baina ez berak bakarrik. Antoniok jarri zituen egunkarietan idazten Jesus Lete Ibai-ertz, Inozentzio Olea, Joxe Aierbe, Joxemari Lertxundi, Txomin Garmendia eta beste hainbat, herri-prosaren kezkak eraginda. Inoiz ez dugu aipatzen hau Zavalaren merituen artean, baina ahalegin hori ere berari zor diogu."