"Ezagunak baina ezin baztertuak diren testuei gehitu dizkiet originalagoak, ustekabeko altxorrak direlako, bereziki Zuberoa bera bezala turista begiz ikusia den literatura batean, topikoz betea, partikulazki bi Etxahunekin, Basabürüko pastoralekin. Pettarrekoak ez dira konta, batzuek sistematikoki bazter uzten dituzte. Beraz, alfonbren astintzera saiatu naiz, errautsaren haizatzeko eta kukusoen argitaratzeko".
Lan honetan, Zuberoako literaturaren antologia eskaintzen digu Davantek. Ez da gaiaz idazten den lehen liburua -Davantek berak gogoan ditu Txomin Peillenen Zuberoako itzal argiak, bai eta bere Zuberoako idazle zenduak ere-, baina bai da XVIII. eta XIX. mendeak kontuan hartzen dituen lehena. "Peillenek -dio Davantek- XV., XVI. eta XVII. mendeak aipatu zituen, berriagoak geroko utziz. Beste lan askotan joan zaio denbora, eta nik lekukoa berant hartu".
2007an, "Zuberoa: hizkuntza, literatura eta etorkizuna" izenburupean, Mendebalde Kultur Alkarteak egin zituen XI. Jardunaldietan du abiapuntu orain Davantek argitara eman liburuak. Jardunaldi horietan euskaltzainak "Zuberoako literatura" izeneko mintzaldia eman zuen, baina, nonbait, ez zen konforme geratu: "Alkartearentzat eginiko lanean, testu guti agertu nuen. Gainera idazlerik isilpean utzi nuen, adibidez Eppherre anaiak. Horiei toki zabala eman diet oraikoan, eta orokorki ere idazleen testuetarik askoz gehiago sartu".
Zuberoako literaturaz. Antologia laburra liburuaren izenburuak azaltzen duen bezala, antologia da, eta antologia laburra. Hori egitea zaila eta erraza, aldi berean, izan da: "Idazleez aipamen laburrak egitea, batzuetan erraza izan zait, autore askoz dokumentu guti dagoelako. Beste kasu zenbaitetan ordea, zail gertatu zait, material ugaria dudalako, adibidez Xaho eta bi Etxahunen kasuan. Baina nire testua mugatu behar nuen, batuan zelarik gainera, hitza zuberotar idazleei euskalkian uzteko. Antologiaren helburua hori zen: zubererazko testu ezberdinetarik ahal bezainbat agertzea".
Testu horiek aukeratzeko bere metodoa izan du Davantek: "Ezagunak baina ezin baztertuak diren testuei gehitu dizkiet originalagoak, ustekabeko altxorrak direlako, bereziki Zuberoa bera bezala turista begiz ikusia den literatura batean, topikoz betea, partikulazki bi Etxahunekin, Basabürüko pastoralekin. Pettarrekoak ez dira konta -argitzen du- batzuek sistematikoki bazter uzten dituzte. Beraz, alfonbren astintzera saiatu naiz, errautsaren haizatzeko eta kukusoen argitaratzeko". Hori bai: "Lan asko eman dit testuen biltzeko eta kopiatzeko".
Bestalde, irakurleak ez duela batere arazorik izango azpimarratu nahi du Davantek, zeren eta "Zuberera klasikoa, idatzia, ez dago beste euskalkietarik uste bezain urruna, iparraldekoek nahiko batasun handia dugu. Euskaraz ongi jakin eta irakurtzeko joera duenak gutiz gehiena ulertzen ahal du. Grafia berriak errazten dio".
Zuberoako literaturan pastoralak urrezko lekua duela aski ezaguna da: "Zuberoako literaturan ugarienik dira olerki-kantua eta pastorala edo "trajeria". Kantua besteek ere jori dutenez, pastorala da gure berezitasuna".
Prosalariak, azpimarragarriak
Antologian agertzen diren egileen artean, prosalariak azpimarratu nahi ditu Zuberoako euskaltzainak: "Prosalariak azpimarratuko nituzke, bai, lehenik iraganeko hiru apez handiak, bakoitza bere mendean: XVII.ean Belapeyre, zuberera klasikoaren aita; XVII.ean Maister, nahiko ezezaguna; XIX.ean Inchauspe sonatua. Gero XX. mendean Constantin aita-semeak, Guillaume Eppherre apez euskaltzaina, bizi diren idazleak ahantzi gabe: Casenave apeza, Peillen, Socarros eta beste..."
"Dena dela hirugarren izen bat ahantzi dut Antologian: Isabelle Barreix gaztea, muskildiarra, olerkiak eta antzerki bat eman berri dituena. Neska gazteak -gaineratzen du- azkenean hasi dira kantu "ontzen": gorako bidean sartzen gara beraz hemen ere, azkenean".
Liburuaren amaieran atal bi daude: Hiztegia -"irakurketa erraztuko die Hegoaldekoei"- eta Eranskina, Txomin Peillen: Egiategiren filosofo huskaldunaren ekheia (bigarren liburukia) izenekoa. Honetaz, hauxe esaten du Davantek: "Peillenek azken unean Egiategiren testu bat proposatu zidan. Beraz ene obrari erantsi diot azken unean. Geroztik liburu osoaren agertzeko bidea ideki dio, nik uste, Euskaltzaindiak, agian lehenbiziko pausu eta urrats horri esker. Xedea betetzen bada, eranskinaren beharrik ez duke nire Antologiak, berriz editatzen baldin bada hemendik urte batzuetara".
Liburua eskuratzeko, egin klik hemen