Aipagai dugun liburua Txekian berriki gertatuko gerra horietako baten kronika eta analisi zehatza da. Aski da aurkibideari begiratu azkar bat ematea hizkuntzaren gaineko kontuak oso kontu konplexuak direla konturatzeko, eragile asko inplikatzen dutenak: batetik filologo eta hizkuntzalariak, baina bestetik herri aginteak eta, jakina, bien artean gure gizartean hain garrantzitsuak diren masa-hedabideak; beste eragile esanguratsu batzuk ere ezin ahaztu: eskola-komunitatea eta, honi estuki lotuta, argitalpen mundua. Eta abar. Bestalde, multzo horietako bakoitza hainbat azpimultzo eta taldetan banatua egon ohi da, bakoitza bere programa propioaz armatua eta, sarri, elkarren arteko gerra gupidagabean sartuta, sarri baino sarriagotan hizkuntzaz kanpoko interesek piztu eta esplikatzen dituzten gerretan. Baina gertakari oro bizirik den gizarte batean gertatzen da, kasu honetan komunismoaren erorialdiaren ondorengo Txekian, eta hizkuntzak gizarte osoa zeharkatzen du, gertakari guztiak. Zinez gauza konplexua da hizkuntza.
Ildo honetan liburuaren hasiera esanguratsua da zinez:
On 17 July 1994, while his boss was on holiday, a junior minister in the Czech Ministry of Education announced that he was rescinding the approval certificate for the new Rules of Czech Orthography. At a stroke, all the textbooks that had been painstakingly re-edited, re-typeset, and reissued over the last year were rendered invalid. Publishers threantened legal action, and schools that had been purchasing them and retraining their teachers cried foul. The Minister cut short his holiday and rushed back to Prague. For several weeks ito looked unclear whether pupils across the Czech Republic would have books to learn from that autum, and newspapers carried daily updates on the crisis. With chaos looming across the education sector, a compromise was hastily hammered out between the supporters and detractors of the Rules, and a revision was rushed into print, arriving at schools only days before the beginning ot term in September. (1. or.)
Gertakari hori krisialdiaren gailurra izan zen, baina liburuan zehar zehat-mehatz eta ñabardura ugariz dokumentatzen den bezala, funtsean txekieraren historia gorabeheratsuan episodio bat gehiago da, besterik ez.
Dohain asko ditu liburu honek. Besteak beste, ikerketa akademiko guztiz zehatz eta argia da baina, bestetik, uko egiten dio akademizismo antzu eta urrun batean babesteari; aitzitik, gertakarien deskribapenarekin batera iritzi garbiak eskaintzen ditu, beti ontzat eman ezin direnak, baina bai gehien-gehienetan, iruzkigile apal honen ustez. Gainera, oso alor desberdinak jorratzen ditu. Adibidez, lehen kapitulua kontzeptuak eta terminologoa argitzeko ahalegin eskerga bat da, egindako aukerak azalduz eta hizkuntza ugari aipatzen den testuinguru batean kokatuz; berak bakarrik liburuaren irakurketa justifikatuko luke.
Hurrengo hiru kapituluetan txekieraren historia sozial bat marrazten digu, biziki interesgarria euskaldunontzat; ez dezagun ahantz nazionalismo kulturala, Euskal Herrian edo Katalunia bezalako lekuetan gaur egun praktikatzen den gisan, funtsean txekiarren asmakizun bat izan zela (eta ez alemanena, normalki esaten den bezala) eta nazionalismo mota horretan hizkuntza elementu nagusia izateaz gain, politika asmo horiek, gainera, eragin erabakigarria izan dutela eta dutela hizkuntzaren historian, besteak beste batasunaren eta honek dakarren kodifikazioaren (normatibizazioaren) afera gatazkatsuan. Ondoren, bosgarren kapituluan krisia bera aztertzen du, gertakarien segimendu zehatza eginez. Hurrengo hiru kapituluetan azterketa horrekin segitzen du, beste zenbait eremutatik abiatuta. Azken kapituluan ondorioak aurkezten dira.
Bada gai biziki zirraragarririk, adibidez, erregimen komunistarekin eta haren erorketaren izandako harreman bihurria; halaber, bitxia eta jakingarria da ikustea erregimenaren ideologia ofizialak izan zuen eragina unibertsitarien artean, bereziki hizkuntzalaritzaren esparruko zenbait teoria (Pragako Eskolako Funtzionalismoa) sustatzeko orduan, eta horien gainbehera komunismoa erori zenean; edo hizkuntza-purismoak txekiar gizartean lortu duen arrakasta izugarria, non eta esan daitekeen ia-ia bi estandar desberdin direla gizartean naturaltasun osoz erabiltzen direnak: bata informala, ahozkoa, aski zabarra; baina bestea, idaztekoa eta testuinguru formaletan erabiltzekoa, izugarri garbizalea; bien arteko aldea hain da handia ezen txekiar umeek ordu asko ematen omen duten eskolan ikasten eguneroko bizitzan esaten dituzten hainbat hitz gero ez direla idazten, haien kideko garbiak baizik (horretara goaz geu ere?). Bada kontu aipagarri gehiagorik, baina bego hemen.
Ematen duen informazioa eta ikuspuntuak ugariak eta desberdinak izan arren, bada sakoneko gai bat etengabe azaleratzen dena; izenburuan bertan ageri zaigu: nork du hizkuntza bat arautzeko autoritatea? Ez da erraz konpontzeko moduko kontua : gorago azpimarratu dugun legez, zinez ugariak dira jokoan sartzen diren faktoreak; arazo nagusia, hain juxtu ere, eragile horietako bat isolatu nahi izatea da, ardura nagusia (bakarra, sarri) hari egotziz; hurrengo pausoa eragile zehatz horren gainean (direla hizkuntzalariak, direla politikariak, direla kazetariak...) erruak pilatzea izaten da, hots, borrokak areagotzera baino ez daraman bidea. Zeren gezurra ematen du ikusteak txekiarrek beren ortografia eztabaidatzeko erabiltzen duten kar saindua... ikusiko ez bagenu oso antzeko kasuak Espainian, Holandan, Frantzian, Norvegian, Azerbaijanen, Galizian edo Euskal Herrian bertan. Ez, auzoan ez dabiltza txakurrak zapatekin.
Linguistic authority, language ideology, and metaphor : the Czech orthography wars / by Neil Bermel. -- Berlin ; New York : Mouton de Gruyter, 2007
XII, 369 orr. ; 24 cm. -- (Language, power and social process ; 17)