Euskaltzaindiak 157. araua: Europako hiriak kaleratu berri du.
Arau honekin, Europako geografia politikoaren euskal exonimo nagusien corpusa osatua geratzen da. Izan ere, arau honetan, Europako hiriak euskaraz nola idatzi behar diren finkatzen du Akademiak.
Arau honi buruzko azalpen osagarriak eskaintzen ditu Alfontso Mujika Exonomastika batzordeko idazkariak.
Firenze hiria nola da euskaraz? Eta Alemaniako Köln hiria?
Toponimian, nazioartean dabilen irizpide nagusiak dio leku-izenak, oro har, tokian tokiko idazkera errespetatuz idaztekoak direla, ez direla hizkuntza bakoitzaren grafiara moldatzekoak. Har dezagun ingelesezko, gaztelaniazko, frantsesezko edota alemanezko atlas bana, eta aldera ditzagun aurkibideak. Berehala ohartuko gara izen asko eta asko berdin idatzita agertzen direla hizkuntza guztietan. Zenbat eta gugandik urrunago eta ezezagunago lekua, are ziurrago da berdin idatziko dela gure inguruneko hizkuntza guztietan.
Baina, horrekin batera, garbi ikusiko dugu leku batzuen izenak desberdin idazten direla, hau da, hizkuntza bakoitzak bere moldean idazten dituela. Zein dira horiek? Garrantzitsuenak, hizkuntza bakoitzaren eremutik gertuen daudenak edo, kultura- edo ekonomia-harremanak direla kausa, gertukoak ez izanda ere garrantzitsuak direnak. Horregatik, adibidez, estatu-izenak, askotan, desberdin idazten dira hizkuntzatik hizkuntzara, baita hiri nagusi batzuk ere. Eta grafia-desberdintasun hori gero eta nabarmenagoa da historikoki garrantzitsuak eta hizkuntza-komunitate bakoitzarentzat hurbileko (fisikoki, politikoki, kulturalki edo ekonomikoki hurbileko) izan diren hirien izenetan.
Gure ingurunean, maiz gertatzen da hori Europako hiri nagusien kasuan. Hiri batzuk, historian izan duten edo gaur egun duten garrantziagatik, behin eta berriro agertzen dira komunikabideetan, eskola-liburuetan, literaturan, turismo-iragarkietan. Eta hiri horietako askok, hain zuzen ere garrantzia izan dutelako eta asko erabili direlako, ez dute izen bera, grafia bera, hizkuntza guztietan. Konparazio baterako, Italiako Firenze hiria Florencia idazten da gaztelaniaz eta Florence, berriz, frantsesez. Eta euskaraz nola idatzi behar da?
Gaztelania-hiztunak badaki Florencia idatzi behar duela; besteak beste, RAEk esaten dio (RAE, Real Academia Española). Halaber, frantses-hiztunak badaki Florence idatzi behar duela; besteak beste, IGNk esaten dio (IGN, Institut Géographique National). Horregatik, behar horri erantzuteko, Europako hiri nagusien euskarazko grafia normalizatua arautu berri du Euskaltzaindiak (157. araua: Europako hiriak).
Praktikotasuna helburu, gaztelaniaz edo frantsesez jatorrizko hizkuntzan ez bezala idazten direnak baino ez dira hautatu arauan sartzeko, pentsaturik haiexetan egin dezakeela zalantza euskaldunak. Hau da, baldin eta dena delako hiri bat gaztelaniaz edo frantsesez jatorrizkoan ez bezala idazten bada, zerrendan sartu da. Beraz, oso garrantzitsua izanagatik gaztelaniaz edo frantsesez berezko grafiarik ez duten hiri-izenak ez dira arauan agertzen. Horregatik, adibidez, Erresuma Batuko Manchester edo Alemaniako Stuttgart ez daude zerrendan, berdin idazten baitira gaztelaniaz eta frantsesez: hiri horietako jatorrizko hizkuntza ofizialetan bezala. Horrek esan nahi du hiri-izen horien grafiak ez direla zalantzazkoak, hau da, euskaraz ere berdin idaztekoak direla: Manchester eta Stuttgart.
Alfabeto zirilikoa erabiltzen duten herrialdeetako hiri-izenen kasuan, beste irizpide bat erabili behar izan da arauan zein sartu eta zein ez erabakitzeko. Gure alfabetora aldatu behar direnez, denak dira jatorrizkoan ez bezala idaztekoak. Horregatik, Bielorrusiako, Bulgariako, Errusiako eta Ukrainako hiri nagusiak edo dena delakoagatik garrantzia dutenak edo izan dutenak baino ez dira agertzen arauan. Gainerako hiri-izenak euskaraz idazteko,
156. arauan (Alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema) zehazten den transkripzio-sistema aplikatu behar da.
Idazki honen hasierako galderek badute orain erantzuna, Euskaltzaindiak arautua:
Italiako Firenze hiria Florentzia idaztekoa da euskaraz; eta Alemaniako Köln hiria, Kolonia. Hona hemen beste adibide batzuk: Astrakhan, Dresden, Frankfurt, Gante, Haga, Krakovia, Milan, Munich, Porto, Rotterdam, San Petersburgo, Txernobyl, Turin, Venezia...
Alfontso Mujika
Exonomastika batzordeko idazkaria