Bestalde, Gülcan Altan, Nahit Serves eta Ender Serbes ikertzaile eta artista zirkasiarrek euren hizkuntzan elegia bat abestu zuten. Ariadna korda-laukotearen emanaldiarekin amaitu zen omenaldia.
Euskaltzaindiarekiko leialtasuna
Jose Luis Lizundiaren mintzaldiak "Henrike Knörr euskaltzaina" izenburua zuen. Bertan, Henrike Knörr euskaltzain osoaz aritu zen. Hala, Knörr-ek Akademian egindako lana gogorarazi zuen batetik, eta bestetik, bertan izandako karguak: Arabako ordezkari, euskaltzain oso, Onomastika batzordeko kide, Jagon sailburu, idazkari, euskaltzainburuorde, Iker sailburu...
Azkenik, Henrike Knörr-en leialtasuna azpimarratu zuen: "Ezeri izan bazion leialtasuna, Euskaltzaindiari izan zion. Bestalde, ohartzen zen Euskal Herri osoaren eremua hartzen zuen erakunde gorena zela, eta dela; euskal historia garaikideko lurralde politikoek gainditzen dituena; unibertsitate desberdinetako, bere-bere UPV-EHU hau barne, irakasle asko batzorde akademiko gehienetan batzen zituena eta dituena: ideologia guztietako lagunak bere baitan izan dituena".
"Euskal Herritik kanpo -gehitu zuen- behin baino gehiagotan, Euskaltzaindiaren ordezkaritza eramaten zuenean, harrotasunez adierazten zuen gure Akademiarekiko nortasuna. Gogoan daukat, bat aipatzekotan, duela hiru urte, Lyonen Instituto Cervantesen egoitzan, Gabriel Aresti izena hango Bibliotekari jarri ziotenean, Frantziako hirugarren hiriko alkate, Unibertsitateko errektore, Espainiako kontsul eta gainontzeko ordezkarien aurrean, bere hitzaldiaren ondoren, nola aurkeztu ninduen Akademiaren ordezkari, adieraziz Euskararen Erret Akademiaren nortasun eta garrantzia".
Ricardo Gómezek, Filoblogia blogean, omenaldiaren berri ematen du.