Gaur, apirilaren 24an, Euskaltzaindiaren 90. urteurreneko ospakizun ekitaldia egin da Gasteizen, Arabako Foru Aldundiaren jauregian. 2008an, Iruñean egin zen XVI. Nazioarteko Biltzarrarekin, hasiera eman zion Akademiak bere 90. urteurrenari. Gaur, Gasteizen izan da Akademia eta datozen hilabeteotan gainontzeko herrialdeetan ere ospatuko du Euskaltzaindiak bere urtemuga.
Juan Antonio Zarate Arabako Batzar Nagusietako lehendakaria eta Xabier Agirre ahaldun nagusia ondoan zituela, Andres Urrutia euskaltzainburuak Euskaltzaindiak Araban duen presentzia aldarrikatu du eta honela adierazi du: "Erakunde arabarra gara eta Euskal Herri osoa hartzen duen erakundea ere bagara, euskararen inguruan". Orobat, eskerrak eman ditu Euskaltzainburuak: "Euskaltzaindiaren ibilbidea urtez luzeetan ahalbidetu duten agintari nahiz gizarte arabarrari; eskerrak zuei, egun honetan Euskaltzaindiari laguntzera etorri zareten guztioi, eta gerorako gonbita: lan egin dezagun guztiok elkarrekin, euskararen eta euskal kulturaren alde, Araban, Euskal Herrian eta mundu osoan".
Bai Batzar Nagusietako lehendakariak, bai eta ahaldun nagusiak ere, Akademiaren lana gorpaipatu dute eta euren instituzioak euskararen alde egiten ari diren lana nabarmendu nahi izan dute, baina baita hiritar guztiena ere. "Eskerrak -esan du Agirrek- euskara ikasi eta irakatsi duten guztiei, eta eskerrak euskara eguneroko tresna bihurtzen duten arabar guztiei".
Ekitaldi honetan, Gasteizko Toponimia I / Toponimia de Vitoria I (Ciudad / Hiria) eta Gasteizko Toponimia II / Toponimia de Vitoria II ( Malizaeza) izeneko liburuak aurkeztu ditu Euskaltzaindiak. Bi liburuak Euskaltzaindiak argitaratzen duen Onomasticon Vasconiae bildumaren 27. eta 28. liburukiak dira, hurrenez hurren. Aurkezpena Jose Luis Lizundia euskaltzain oso eta Exonomastika batzordeko buruak eta Elena Martinez Madina liburuen egileak -Henrike knörr zenarekin batera paratu zuen lana- egin dute.
Bestalde, Patxi Uribarrenek eta Manu Ruiz Urrestarazuk hitzaldi bana eman dute.