Bihar, Arabako Foru Aldundian Gasteizko Toponimia I / Toponimia de Vitoria I (Ciudad / Hiria) eta Gasteizko Toponimia II / Toponimia de Vitoria II ( Malizaeza) izeneko liburuak aurkeztuko ditu Euskaltzaindiak, Arabako Foru Aldundiaren jauregian, Akademiaren 90. urteurrena ospatzeko bertan egingo den ekitaldian. Bi liburuak Euskaltzaindiak argitaratzen duen Onomasticon Vasconiae bildumaren 27. eta 28. liburukiak dira, hurrenez hurren.
Gasteizko eta Malizaeza merindadeko toponimo historikoak eta gaur egun bizirik dirautenak biltzen dituzten lan horien egileak hauek dira: Henrike Knörr eta Elena Martinez de Madina. Horiekin batera, José Antonio González Salazar, Juan José Galdos, Montserrat Ocio eta Blanca Rescalvo ikertzaileek osatu duten taldea aritu da informazioa biltzen. Knörr taldeko zuzendaria zen, eta hil ostean Jose Luis Lizundia euskaltzain oso eta Exonomastika batzordeko buruak hartu zuen bere gain zeregin hori.
Hasieratik, egitasmoaren babeslea Gasteizko Udala izan da.
Gasteizko Toponimia I / Toponimia de Vitoria I (Ciudad / Hiria) liburua Gasteizko hiriari dagokio, soilik, eta bi zatitan banatzen da: Gasteiz Hiria I, Toponimia, eta Gasteiz Hiria II, Kale Izendegia.
Gasteizko Toponimia II / Toponimia de Vitoria II ( Malizaeza) liburuan, aldiz, Malizaeza merindade barruan zeuden herri guztien toponimoak bildu dira, hots, Ali/Ehari, Aretxabaleta, Armentia, Arriaga, Berroztegieta, Castillo/Gaztelu, Eskibel, Gardelegi, Lasarte, Monasterioguren eta Mendiola herrietako toponimoak. Gobeo/Gobeu ere sartu da.
Gasteizko Toponimia I / Toponimia de Vitoria I (Ciudad / Hiria) liburuaren aurkibidea. 48,73 Kb
Gasteizko Toponimia II / Toponimia de Vitoria II ( Malizaeza) liburuaren aurkibidea. 46,80 Kb