Apirilaren 13an, Saran, Euskal Herriko Idazleen XXVI. Biltzarrean, Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina izeneko erakusketa ikusgai jarriko da, Polikiroldegian bertan, egun osoan zehar. Erakusketa Euskaltzaindiak sustatzen du eta Akademiaren sorreraren 90. urteurrena ospatzeko egin eta egingo diren ekitaldietako bat da.
Pirinioetako hizkuntzak, euskara izan ezik, latinetik datoz, beti ere, tokian tokiko hizkuntzek aldatuta. Mendetako prozesu hori dela eta, lurraldeari begira hurbil dauden baina elkarren artean ondo baino hobeto bereizita dauden hizkuntzak sortu dira. Literaturaren bidez, hizkuntza horiek aurrera egin dute, eta, aldi berean, aberastu eta beraien muga linguistikoetatik kanpora zabaldu dira, kalitate artistikoa ere irabazi dutelarik.
Erakusketak hizkuntza horien ezaugarrietako batzuk eta beraien historiaren adierazpen garrantzitsuenetako batzuk laburbiltzen ditu. Gainera, Europan dauden hizkuntza erromanikoen mapa erakusten da, eta aragoierari, katalanari, okzitanierari eta euskarari buruzko informazio anitza ematen da.
Erakusketa hobeto ulertu ahal izateko gida-liburu bat argitaratu du Euskaltzaindiak, lau hizkuntzatan: euskaraz gain, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.
Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina erakusketa Iruñeko Baluarten jarri zen ikusgai lehenbiziko aldiz, Euskaltzaindiaren XVI. Biltzarrarekin batera. 2008ko abenduan, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan erakutsi zen, eta orain zabalik egongo da Sarako Polikiroldegian.
Itxita. Ezin duzu iruzkin berririk gehitu.