Euskaltzaindiak argitaratzen duen "Euskaltzainak" bildumaren zazpigarren zenbakia da eta Txomin Peillen euskaltzain osoak idatzi du. Hiztegi hau Bordelen, 1981ean, Txomin Peillenek irakurri zuen semantika tesiaren ondokoa da. Egilearen esanetan, lan hau hizkuntza ezagutzeko eta aberasteko bide bat da.
"Euskaldun zaharrek biziaren hiztegitik abiatuz, munduaz zeukaten irudi bereziaren berpizten saiatuko naiz. (...) Azkenik, saiatuko naiz biologiaren hiztegitik abiatuz, eta euskalki batzuekin erakusten nola biziaren hiztegia hiztegi orokorraren iturri nagusi bat izan den".
Liburuaren aurkibidea 47,75 Kb
"Euskaldun zaharrek -dio Txomin Peillenek- biziaren hiztegitik abiatuz, munduaz zeukaten irudi bereziaren berpizten saiatuko naiz. Horretarako, lehenik hiztegi horren lekukotasun zaharrenak bildu-eta bilketa -II. mendetik, XV. menderarte hedatuko da. Ondotik, sinesteen eragina ikusiko dugu. Geroago, euskarazko literaturan nola ikusi den jendea; geroago nola biziaren hiztegiak geografiari matematikari, psikologiari, zuzenbideari eta beste jakituriei hitz asko eman dizkien. Azkenik, saiatuko naiz biologiaren hiztegitik abiatuz, eta euskalki batzuekin erakusten nola biziaren hiztegia hiztegi orokorraren iturri nagusi bat izan den".
Txomin Peillen
Txomin Peillen Karrikaburu Parisen sortu zen, 1932ko azaroaren 17an. Pariseko Sorbonne Unibertsitatean Biologia ikasketak burutu zituen. Biologia euskara irakasle izan zen. Letra eta Euskal Ikasketen doktoregoa egin zuen Bordeleko Unibertsitatean.
Gaztetan Jon Mirande ezagutu zuen Parisen eta, horrek lagunduta, bere euskarazko lehen artikulu eta poesiak argitaratzen hasi zen hainbat aldizkaritan. Miranderekin sortu zuen gero Igela aldizkaria.
1962an idatzi zuen bere lehen eleberria, Amodiozko baratzetan izenekoa. Lehenbiziko ipuinak ere garai horretakoak dira: Azken inkesta, Tximinuaren segretua, Tristan ta Isolt. Gero liburu asko etorri ziren: ikerketa lan zein genero literario ugari landu ditu Peillenek, hala nola nobela, poesia, haurrentzako ipuinak, poliziakoak, itzulpenak. Ikerketa etnografikoa ere jorratu izan du: Animismoa Zuberoan eta Allande Elixagari Ligiarraren historiak lekuko. Bestalde, anatomiaren gaineko hiztegia kaleratu du, baita Latin-euskara hiztegia ere.
Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1961. urtean eta euskaltzain oso 1988ko apirilaren 29an. Euskaltzaindiaren Onomastika eta Literatura Ikerketa batzordeetako kidea da. Lehendik ere Hiztegigintzan, Euskalkien Ikerketan edota Dialektologian jardun du.
2007ko azaroaren 30ean, euskaltzain emeritu izendatu zuen Euskaltzaindiak.