Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera, Jose Mari Iriondo euskaltzain urgazle eta Antonio Zavalaren kolaboratzailea; eta Juan Mari Arrue, Antonio Arrueren zenaren semea izan dira aurkezpenean.
Jose Mari Iriondok azaldu bezala, "eskuhartze xumea" izan du berak liburuan. "Aurkezpena eta argitalpenaren paratzailea Antonio Zavala izan da -azpimarratu du- eta bere azken lana ikusi gabe joan zen gure artetik". Utzi zigun lan hau, egin zuen azkena, "Antonio Arrueren lan askoren bildumarik onena dela esan dezakegu".
Besteren artean, Arrue hizlaria ekarri du gogora Iriondok eta hauxe esan du: "Bere hitzaldiak ikaragarri gustatu zitzaizkidan. Hizlari bero-beroa zen, sutsua, bertsolariak bezain hitz-etorri ederrekoa; eta Asteasuko euskara ederrean mintzo zen".
Azkenik, Juan Mari Arrue Antonio Arrue zenaren sema mintzatu da, hunkiturik mintzatu ere. Guztioi eskerrak eman ostean, aita eta Antonio Zavala, biak ala biak, "zeruan dagoen beste Akademia batetan izango dira. Haiek sortu dute beste Akademia hor, nonbait, goian".
"Euskaltzaindiak -amaitu du Andres Urrutiak- Arrueri halako aitortza zor zion, gaur, zati batez bederen, ordaindu nahi duguna. Ordainketa horren laguntzaile eta abal-emaile, Antonio Zavala. Bi-biak oroituz, hona Arrueren ekarria berriro argitaratua".