Bihar, apirilak 3, eguerdiko 12:00etan, Antonio Arrue: Idaztiak eta hitzaldiak liburua aurkeztuko du Euskaltzaindiak, Donostian, Doctor Camino liburutegian. Antonio Arrue euskaltzaina zenaren hitzaldi eta hitzaurreen bilduma eskaintzen da lan honetan. Liburua Antonio Zavala euskaltzain oso zendu berriak paratua da.
Euskaltzaindiak argitaratzen duen "Euskaltzainak" bildumaren bosgarren zenbakia da.
Antonio Arrue hizlari aparta izan zen, bizia eta trebea. Hitzaldi asko eman zituen han-hemenka, eta askotan, jendaurrean hitz egin baino lehen, paperean idazten zituen bere mintzaldiak. Lan horiek dira, batzuk euskaraz eta besteak erdaraz, liburu hau osatzen dutenak.
Liburuaren aurkibidea 31,21 Kb
Antonio Arrue Zarauz
Antonio Arrue Asteasun jaio zen, 1903ko martxoaren 26an eta Donostian hil, 1976ko azaroaren 17an. Legegizona zen, Zuzenbidea ikasi zuen Oviedoko Unibertsitatean.
Tradizionalista izan zen Arrue. Aita Zavalak liburuaren aurkezpenean aipatzen duen legez, Arruek berak honela definitu zuen bere burua: "Soy miembro de número de la Real Academia de la Lengua Vasca, socio supernumerario de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País y miembro de las Juntas Rectoras del Grupo de Historia Vascongada de los Amigos del País Doctor Camino y Seminario de Filología Vasca Julio Urquijo. Fui Procurador en Cortes, de representación familiar por Guipúzcoa, en la legislatura de 1967-1971. En política fui siempre tradicionalista".
Bai, gaineratzen du Zavalak, "Gipuzkoako karlista alderdiaren buruzagietako bat izana zan. Errepublika denboran an eta emen makiña bat itzaldi egiña; eta, 1936-ko gerra piztu zanean eta Donostia errepublikaren mende egon zan denboran, bere burua salbatzearren izkutuan egon bear izan zuena. Gerra ondoren, berriz, Francorekin etzegoan nunbait ere konforme eta bear baiño gorago itzegiten zuen. Ala, agintariek erbestera bialdu zuten, Gijón-era, eta an urtebete-edo egin bear izan zuen. Baiña gai auetaz ezer gutxi entzun nion. Itxura danez, etzuen gustoko gaia. Ala ere, beste au neronek entzun nion beste batean. Karlistek Karlos Hugo zuten beren buru, eta alderdiaren ideolojia gaurkotzen eta aldatzen asia zan. Eta Arruek orduan esana: «Nik tradizionalista izaten jarraituko det. Baiña Karlos Hugo eta oiekin ez det ezer ere nai».
1954an izendatu zuten euskaltzain osoa. Koldo Mitxelena eta Aingeru Irigarairekin batera Egan aldizkariko zuzendari izan zen urte askotan. Gabriel Arestiren lehen laguntzaile eta bultzatzaileetarikoa ere izan zen. Euskarazko lehen idatziak 1932an hasi zen argitaratzen, Egan, Euzko-Gogoa, Zeruko Argia edota Euskera aldizkarietan.
Arruek idatzitakoen artean, Luis Villasantek honako hauek azpimarratu zituen: Juan Bautista Agirre euskal idazleari buruz hitzaldia (Egan, 1954); Gerriko euskal idazleari buruz hitzaldia (Egan, 1956); Azkueri buruz hitzaldia (Euskera 1957); "Loramendi" olerkariari buruz hitzaldia (Euskera, 1960), Peru Abarkaren edizio berriari hitzaurrea (Kulixka sortan); Euskeraren batasunaz hitzaldia (Euzko Gogoa, 1956); Cuatro Poetas Vascos actuales (Iratzeder, Mirande, Gandiaga, Aresti) hitzaldia (Euskera, 1963-64).
Jan-Edanak liburua ere argitaratu zuen, sukaldaritzari buruzko artikulu bilduma. Donostiako Julio Urkijo Euskal Filologia Mintegiaren sortzaileetarikoa izan zen.
Villasantek ondo gogoan zuenez, "Euskaltzaindiaren Arautegia berriztatze lanean gogotik lagundu zuen. Eta are gehiago oraindik, Euskaltzaindiaren nortasuna Gobernuak aitor zezan".
Antonio Zavala Etxeberria
Antonio Zavala Etxeberria Tolosan jaio zen, 1928ko urtarrilaren 23an eta Iruñean hil, 2009ko urtarrilaren 2an.
Filosofia ikasi zuen Oñan (1950-53); Xabierren, berriz, Magisteritza egin zuen (1953-56) eta, Oñan zegoela berriro, Teologia estudiatu zuen (1956-60). 1959an apaiz ordenatu zen. Historia eta Literatura irakasle izan zen.
Herri literaturaren onarpenari, azterketari, zabalkundeari eta suspertzeari eskaini zion bere bizialdi osoa. Auspoa bilduma ospetsua 1961ean sortu zuen Antonio Zavalak. Bertan, bertsolaritzaren eta herri literaturaren zein ahozko literaturaren izen eta lan garrantzitsuenak argitaratu dira, ehunka liburu. Auspoa ez ezik, beste bilduma bat ere sortu zuen Aita Zavalak, 1993. urtean, Biblioteca de Narrativa Popular izenburupean, oraingo honetan gaztelerazko kontakizunak jasotzeko.
1964ko abenduaren 18an Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen. Aulki huts bat bete zuen, Akademiak euskararen eta herri-literaturaren alde eginiko lana aitortu nahi izan zion seinale.
Zavalaren ekoizpen intelektuala jasotzen duen hiru liburuki argitaratu zuen Sendoak, Auspoaren auspoa izenburupean.
1996an, Durangoko Liburu eta Disko Azokak omendu zuen, eta 1999an erakusketa bibliografikoa eskaini zion. 1997an, Labayru Ikastegiak omenaldia egin zion. 1999an, Deustuko Unibertsitateak Honoris Causa doktore izendatu zuen. 2000. urtean, Tolosako seme kutun izendatu zuten.