Martxoaren 22an, Santiago Ezkerra Beltza euskaltzain urgazlea hil zen Madrilen, 83 urte zituela. Bere aldeko hileta elizkizuna martxoaren 24an izan zen, Etxarri Aranatzen.
Santiago Ezkerra Etxarri Aranatzen jaio zen, 1925eko maiatzaren 6an. Euskaltzain urgazlea zen, 1957ko uztailaren 16an izendatua.
Fraide kaputxinoa izan zen. 1961ean ordena utzi eta, Bilbon denbora labur batez egon ondoren, Madrilera joan zen eta hantxe bizi izan da azken hogeita hamar urteotan. Ribadeneyra argitaletxean lan egin zuen, proba-zuzentzaile bezala.
Euskararekiko maitasuna beti sentitu zuen, eta bere bizitzan zehar euskal hizkuntza ikerketari ekin zion, etenik gabe. Zeruko Argia, Goiz-Argi eta Príncipe de Viana aldizkarien kolaboratzaile izan zen.
Liburu hauek argitaratu zituen: Bederatziurren bearrezkoenak eta eliz-otoitz batzuk, Migel Goiaingeruari Bedratzi-Urrena eta Meza Sandua.
2003ko maiatzaren 31n Etxarri Aranazko Gazte Asanbladak eta Udalak antolatutako euskal astearen barruan Santiago Ezkerra omendu zuten.