UNESCOk ezagutzera eman berri duen diagnostikoaren arabera interpretatzen ahal dugu euskara, azkeneko zortzi urteotan, ospitaleko arta intentsiboko gunetik atera eta kontuzko egoerako gela batera pasatu dela. Berri ona ala txarra? Gaixo baten kasuan, dudarik ez dago halako berria pozgarria izaten dela bere familia eta hurbilekoentzat.
Erronka eta erantzukizun handia dute zeregin honetan hiru lurralde administratibo horietako hizkuntz politikaren ardura duten gobernuek. Aldi berean, ezin dugu alde batera utzi UNESCOk hizkuntzen egoeraren neurketa horretarako erabiltzen duen bertze irizpide bat, hots, hiztunek bere hizkuntzarekiko duten jarrera. Irizpide honen baldintzak bete-betean harrapatzen gaitu. Baldintza horren erantzukizuna gutako bakoitzarena da, norberak bere burutik hasita eman behar duen erantzuna, alde batera eta bertzera begira inolako errudunik bila hasi gabe.
Euskararen kasuan ere, gaixoa non zegoen ikusita, pentsatzekoa da ez dela berri txarra, gaixoak nonbait hobera egin baitu eta nolabaiteko itxaropena sortu. Hala ere, UNESCOren balorazioa orokorra da eta jakin badakigu euskarak izan duen hobekuntza ez duela bere osotasunean nabaritu, Euskal Herriko hiru lurralde administratiboak banan-banan aztertzen badira, aurrerapausoa ez delako inola ere orekatua izan.
Argi dago egindako urratsik nabarmenena eskolari zor zaiola, eskolari esker hazi baita hiztunen kopurua, alegia, euskara jakiteaz gain, euskaraz aritzeko gai diren gazteen kopurua. Ezbairik gabe, aitzina egiteko lehenbiziko eta oinarrizko urratsa da, eta hala egiaztatzen dute azkenaldian ezagutzera eman diren zenbait lanek, bertzeak bertze, Eusko Jaurlaritzaren IV. Inkesta Soziolinguistikoak eta Nafarroan euskarak izandako errekuperazioari buruz Jagon bilduman argitaratutako M. Grosen liburuak.
Gauza jakina da, ordea, ikastetxeko hormetatik kanpo erabiltzen ez den hizkuntzaren etorkizunak jai daukala eta, hortaz, begi bistakoa da hizkuntzaren normalizaziorako nahitaezkoa dela bertze hainbat baliabide ezartzea, eta ezarriak dauden tokietan indartzea eta sendotzea. Erronka eta erantzukizun handia dute zeregin honetan hiru lurralde administratibo horietako hizkuntz politikaren ardura duten gobernuek. Haien esku dago gehienbat, UNESCOren irizpideen arabera, hizkuntza bat desagertzeko arriskutik urruntzeko nahitaezko diren baldintzak finkatzea, hala nola, hizkuntzaren estatusa definitzea, sustapenerako hizkuntza politika egokia diseinatzea, irakaskuntzarako baliabideak jartzea, erabilera eremuak zaintzea, hedabideetan erabilera bulkatzea, hiztunen transmisioa belaunaldiz belaunaldi ziurtatzea, hiztunen kopurua gehitzea, etab.
Aldi berean, ezin dugu alde batera utzi UNESCOk hizkuntzen egoeraren neurketa horretarako erabiltzen duen bertze irizpide bat, hots, hiztunek bere hizkuntzarekiko duten jarrera. Irizpide honen baldintzak bete-betean harrapatzen gaitu. Baldintza horren erantzukizuna gutako bakoitzarena da, norberak bere burutik hasita eman behar duen erantzuna, alde batera eta bertzera begira inolako errudunik bila hasi gabe. Irizpide horri dagokionez, kezkagarri dira han-hemenka gero eta maizago eta nabariago ageri diren zenbait jarrera; erraterako, ikastolara edo D eredura eramaten dituzten umeen guraso euskaldunak -euskaldun zaharrak batik bat-, elkarrekin erdaraz hitz egiten aritzea, bai eta euskalgintzako jende aditua, edota gizartearen aitzinean euskararen aldeko aldarrikapen eta deklarazio borobilak egiten dituzten euskal hiztunak, elkarren harremanetan bi hizkuntzak nahasian barra-barra erabiltzen entzutea. Nago, horrelakoen jokaera eta praktika hizkuntzarekiko duten jarreraren seinale adierazgarria dela. Ulertezina eta kezkagarria benetan!
Hizkuntza jakitea oinarrizko baldintza izanik, eta horretan egin beharreko urrats sendoagoak alde batera utzi gabe, Nafarroan batik bat eta Iparraldean bereziki, argi dago euskararen normalizaziorako beharrik handiena erabilera indartzea eta sendotzea dela, honek bermatuko baitu hizkuntzaren bizi iraunkorra. Erronka handia, handiagoa oraindik hizkuntza politikaren ardura dutenei, euskalgintzan mugitzen garenei eta euskal hiztun guztiei eskatzen digun eginahala, ez badugu behintzat, etsiak hartuta, ospitaletik atera beharrean, behin betiko arta intentsiboko gunera itzulia ikusi nahi gure euskara.