Tesiaren helburua izan da Agirreren Eracusaldiac (1850) obraren sermoiak ezaugarritzea, beti ere sermoia produktu historiko gisa kontsideratuz. Ezaugarritze hori egiteko perspektibarik egokiena mintzairaren ikuspegi sozio-diskurtsiboaren baitan (Bajtin-Voloshinov, 1929/1992, Bronckart, 1996, 2005) aurkitu dugu eta, hala, horren baitan burutu dugu sermoiaren ezaugarritze diskurtsiboa.
Interakzionismo sozio-diskurtsiboaren marko teorikoak ez duenez kuadro metodologiko finkorik, baliatu dugu Roulet, Filliettaz eta Grobbet (2001) autoreen proposamena eta, horrela, sermoiaren konplexutasuna aztertzeko "modulu bidezko" atalketa egin dugu. Modulu bakoitzean hipotesi bat egin dugu eta sermoiaren gainean hegaldi edo azterketa bat egin. Modulu bakoitzari kapitulu bana eman diogu.
1. moduluan jakingarri soziologikoak hartaratu ditugu. Bigarren moduluan sermoiak testu-semantikaren argitan aztertu dira. Hirugarren moduluan sermoien ilokuzio-esanahia argitu da, hizketa-egintzak analizatuz. Laugarren moduluan sermoien analisi enuntziatibo-diskurtsiboari ekin zaio beti ere alderdi sozio-diskurtsiboen bila. Modulu honetan pertsona izen-ordainak eta berbaldi ekarria (discours rapporté, discurso referido) aztertu dira. Azken moduluan, bosgarrenean, sermoien eredu erretorikoaren analisia egin da.
Corpusari dagokionez, Agirre Asteasukoaren Eracusaldiac obra (1850) erabili da. Corpusaren kantitategatik (1.500 orrialde inguru), edukiaren trataeragatik, eta instituzio eklesiastikoak balidatu eta homologatutako obra izanik, pentsatzen dugu obra egokia dela instituzio baten "aurpegi linguistikoa" karakterizatzeko.
Epaimahaia honako hauek osatuko dute:
- Jean-Paul Bronckart (Genèveko Unibertsitatea)
- Helena Calsamiglia (Universitat Pompeu Fabra)
- Matilde Sainz (Mondragon Unibertsitatea)
- Joxe Azurmendi (Euskal Herriko Unibertsitatea)
- Itziar Idiazabal (Euskal Herriko Unibertsitatea)