Argia aldizkariak Mikel Atxaga kazetari eta euskaltzain urgazleari eman dio aurtengo Merezimenduzko saria. Sari-emate ekitaldia urtarrilaren 30ean izan zen, Lasarte-Orian.
"Euskarazko prentsan eta kultur munduan norbait izan den eta baden gizon bat" bezala ikusten du Argiak Mikel Atxaga. Besteak beste, honengatik eman diote saria: "Aldaketa, ilusio eta nahasmendu handiko garaiak egokitu zitzaizkion euskarazko kulturgintzari eta oro har euskarazko prentsari 1970eko hamarkadan.
Ikurriña edukitzea bera delitu zen garaietan, Francoren diktadurak euskarazko izenak jartzea bera ezinezko egiten zuenean, ez partidu politikorik eta ez sindikaturik ez zenean, legezko hiru hitzengatik gobernuak bat espetxera zezakeenean, edo aldizkari bat itxi edo multa gogorrez zigortu, garai trumoitsu haietan kazetaritza egin zuen gure gizonak".
Beste saridunak hauek izan dira:
Irratia: Joseba Barandiaran
Prentsa idatzia: Berria egunkarian argitaratzen duen Patxi Huarte "Zaldieroa"
Telebista: Erlo Telebistaren Gure saltsan saioa
Publizitatea: Margotu Egunak, atez-ateko zabor bilketa sustatzeko Usurbilgo Udalak egin duen kanpaina.
Internet: Librezale elkartea