Gaur (2009-01-29) goizean, Euskaltzaindiaren egoitzako aretoan, PuntuEus elkarteak bere burua aurkeztu du prentsaren aurrean.
Elkarte berri horren xedea Interneteko .eus domeinua lortzea da, euskararen eta euskal kulturaren identitate-zeinua izan dadin. Dagoeneko lortua dute beren hizkuntza eta kulturarentzat katalanek .cat domeinua eta guk ere antzeko bidea urratu nahi genuke.
Euskaltzaindiaren egoitzan prentsaurrekoa egiteak badu izateko arrazoirik. Izan ere, Euskaltzaindiak asmo hau gogo onez hartu zuen agertu zioten une beretik eta elkartekideetako bat da. Une honetan ni neu naiz, Euskaltzaindiak eginkizun hori izendatu zidalako, Akademiaren ordezkaria PuntuEus elkartean, eta honen lehendakari ere bai.
Domeinuen kontua gobernatzen duen nazioarteko erakundearen aurrean eskabidea aurkezteko lanak egitea da elkartearen xedea eta asko dira egin beharreko lanak. Eta asko dira, halaber, asmoari aurrera bultzatzeko behar diren indarrak.
Sorreratik bertatik kide egin dira: Euskaltzaindia, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Euskal Konfederazioa, Euskal Idazleen Elkartea, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa, Ikastolen Elkartea - Partaide, Euskal Herriko Unibertsitatea, EITB, Internetika, Euskal HerrikoTelekomunikazio Ingeniarien Elkartea eta Euskadiko Informatikako Ingeniarien Elkargo Ofiziala.
Gaurko aurkezpenaren helburuetako bat kide gehiago lortzeko informazioa zabaltzea da.