Euskaltzaindiak, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legeak 25 urte bete zituela eta, urte horietan guztietan hainbat arlotan zer gertatu den aztertu zuen 2007ko azaroaren 23an, bere XI. Jagon Jardunaldietan.
Legearen atal batek hezkuntza-mundua du jomuga. Akademia, horren garrantziaz oharturik, galdera hauei erantzuten saiatu zen: zer egoeratan zegoen euskara orain dela 25 edo 30 urte, gizartean eta eskola-munduan? Zer egin da ordutik hona hezkuntza-alorrean? Zer egoeratan gaude orain, eskolan eta gizartean? Zer lehentasun plantea liteke aurrera begira, ebaluazio horren argitan?
Hori guztia argitzen saiatzen da Mikel Zalbide, Jardunaldi horietan aurkeztu eta gero osaturiko txosten honetan. Ahalik eta iritzi gutxien, eta horren ordez ahalik eta hezkuntza-datu edo teoriazko hastapen gehien, ematen saiatu da.
Berrikitan argitara den EUSKARA aldizkarian (2007, 3) ikus liteke txostena, orobat. Agerbide hau osoago dator, halere: ereduen bilakaera azaltzen duten koadroak, esate baterako, kolorez emanik datoz oraingoan eta, horrela, interpretatzen errazagoak dira.
Aipatu EUSKARA (2007, 3) agerkarian, Jardunaldi horietan irakurri ziren beste txosten guztiak ere argitaratu dira.