Ostiral arratsalde-arratsean, 2009ko urtarrilaren 2an hil zen Antonio Zavala jesulagun ezaguna, gure lagun eta adiskide mina eta Auspoa sail harrigarriaren hauspoa, arnasa eta bizi-emailea berrogeita hamar urte emankor eta handi honetan.
Ez beti gustura, gehienetan gure aitormen handirik gabe, iturriaren berririk eman nahi ez duen harrapakari askoren erasopean, baina berari gustatzen zitzaion lana egin du Antoniok joan deneko berrogeita hamar urte pasa honetan. Eta horren poza eraman du, ezbairik gabe.
Aurreko abenduaren 16an bisitatu genuen azkenengo aldiz Xabierren, KM-ko zuzendari Lopez Landatxe jaunak eta biok, Eguberri jaiak baino lehenago berarekin hitz-aspertu bat egin nahita. Gero urtezahar egunean hitz egin nuen azkenengoz Antoniorekin, bost-sei urte honetan egunero egin dudan bezalaxe. Hiru bider hitz egin ere: lehenengoan, urtezahar ona opatzeko hots egin zidan; bigarrenean, bere telefono zelularra konpondu ziotela esateko; eta hirugarrena, ondo konpondu ote zioten jakiteko neuk egindako deia. Eta egia esan, ondo aurkitu nuen, alai samar, hurrengo urte honetan lan asko egin behar genuela esanez. Itxaropena argitaletxetik Koldo Mitxelenera heldu den Joxe Manuel Arriola Mondragoeko kalezainaren liburua zertan zen, Euskaltzaindiak argitara emango duen Antonio Arruerena zertan ote den...
Baina ostiral goizean bere koinata Izaskunek izututa dei egin zidan, Antonio oso gaizki eraman zutela eta Iruñeko San Migel gaixoetxera. "Klinikoki hilda dagoela esan du medikuak", esan zidan. Gero, eguerdian eta arratsaldean dozena erdi bat aldiz hitz egin genuen; eta, azkenean, arratseko zortzi eta erdiak pasatxo zirela, "Antonio hil da!", esan zidan. Badakigu horrelakoak etorri egiten direla, baina hankaz gora bota ninduen, ez nekien zer esan eta zer egin. Bakar-bakarrik, Andres Urrutia euskaltzainburuari, KM-ko Landatxe jaunari, Joakin Berasategi, Felix Maraña eta Antonioren beste lagun minei hots egiten besterik ez nuen asmatu, nire samina norbaitekin banatu beharrez.
Antonio Zavalaren hilkapera, berak hain maitea zuen Xabierko kaperan egon zen; eta hileta elizkizuna eta lur ematea ere Xabierren egin ziren, igandean, arratsaldeko 16:30ean.
Tolosako semea
Antonio Zavala Tolosan jaio zen, 1928ko urtarrilaren 23an, sei senidetan bosgarrena zelarik. Bere aita, Tiburtzio Zavala, tolosarra zen; eta ama, Maria Echeverria, donostiarra. Baina amaren euskara zuen maite, bereziki, hark herri-jakinduria eta herri-hizkuntza izugarri estimatzen baitzituen. Adunatik ere gauza asko ikasi zuen, beretzat herria zen-eta.
Haurtzaroko lehenengo eskola-urteak, herrian hasi berria zen Escuela Vasca izenekoan egin zituen. Baina han neskak eta mutilak baitziren, bere anaiak joaten ziren herriko HH del Sagrado Corazón ikastetxean nahiago zuela eta hara joaten hasi zen. Eta ondoren, herriko Eskolapioetara, batxilergoa egiten hasteko. Historia eta literatura erruz maite zituen, baina ez hala matematikak, kimika eta horiek. Mendiarekin zoramena zuen; eta mendiko artzain eta nekazariekin topo egitean hau galdetu eta beste hura esan ibili ohi zen. "Jende orrekin izketalditxo bat egin gabe ezin utzi, eta izketaldi oiek bultza ninduten ontan sartzera."
Hamazazpi urte zituela, bere bideak aldatu eta Jesusen Lagundian sartzeko erabakia hartu zuen, bere anaiak bezelaxe.
Zavalarekin zordun
Ez beti gustura, gehienetan gure aitormen handirik gabe, iturriaren berririk eman ez duen harrapakari askoren erasopean, baina berari gustatzen zitzaion lana egin du Antoniok joan deneko berrogeita hamar urte pasa honetan. Eta horren poza eraman du, ezbairik gabe.
Isilka eta bakarrik hasi zen lanean, oporraldian Loiolara edota Donostiara etortzen zenean. Baina haren lanaren oihartzuna zabaldu zen eta hitzaldi bat eskatu zioten, 1956ko irailaren 15ean, Arantzazun, Euskaltzaindiaren gerra osteko lehenengo batzar irekirako (Euskera, 1956). Eta bai hitz egin ere hark. "Hace ya dos años que no hago sino leer y copiar bertso berriyas", esan zuen. Berrogeita hamar mila bertso edo gehiago bilduta omen zituen ordurako. Hitzaldi haren izena bera ere aski esanguratsua izan zen: En busca de la poesia popular a través del Pais Vasco - Bertso berrien billa Euskalerrian zear (Auspoaren auspoa I: Auspoa, 238).
Handik aurrera lan eskerga egin du. Hortxe dira Auspoa saileko 112 liburu, Eguberrietako opor-egun hauetan Itxaropenatik Koldo Mitxelenara pasatu den Joxe Manuel Arriola Mondragoeko kalezainaren bertso-bilduma delarik, eta jarraian berehalaxe etorriko diren Albisutarren bertsoak, Txomin Garmendiaren "2008ko nere egunkaria", Antzuolako Kruz Azkarate zenaren bertso-bilduma eta beste hainbat, Biblioteca de Narrativa Popular saileko hogeita hamar ale, Auspoa berdea eta Auspoa sail nagusikoekin nahasian.
Zavalaren bilduma harrigarria
Eta nola ahantziko, 2005eko maiatzaren 13an, Pello Esnal adiskideak eta biok Antoniorekin Xabierren egin genuen egun-pasa hartan egin genion eskabide zehatza, bere artxibo handia Gipuzkoako Foru Aldundirako utzi, eta Auspoa sail osoa digitalizatzeko baimena eman ziezagun. Ez berehala, baina bietan baietz agindu zigun, baina bera ez sartzeko digitalizazio-kontu eta holakoetan, bestela ere gaindituta zebilela eta. Izan ere, Antoniok bazekien ez zegoela ondo (egunez erdi lotan eta gauez erdi esna, berak esan ohi zuen bezala), eta presa zeukan bere lanak argitaratzeko, behar bada bere azkena geroz eta hurbilago ikusten zuelako.
Gero, 2005eko San Martin egunez, azaroaren 11n, sinatu zuten protokoloa Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako diputatu nagusi jaunak, Loiolako jesuiten aita probintzialak eta Antonio Zavalak Xabierren zeuzkan bertsopaper, paper-sorta, bilduma, liburu eta altxor osoa Gipuzkoara ekarri eta Euskal Herri osoaren eskura jartzeko.
Une hartan gizona goitik behera biluztu nahi ez, eta aurreko azaroaren 10, 11 eta 12an Xabierrera joan eta elkarrekin prestatu genituen lehenengo 32 kaja handi, eta Donostiara ekarri. Orain beste paper, liburu eta dokumentu pila ederra zain daukagu Xabierren zain, berriro joan eta lanean hasteko.
Hala ere, ikaragarri lan gogorra izango da guretzat, orain ez baitugu bere memoria historikoaren laguntasunik izango, nahiz eta jende ikasia eta iaiotua den Aldundiak hortarako jarri duena.
Ohoreak eta aipamenak
Ez zen ohore eta sarien zalea, ez zuen inoren ahotan ibili nahi. Hala ere, hortxe daude 1996an Durangoko Euskal Liburu eta Disko azokan eman zioten Argizaiola, eta 1997.07.11n Labayru Ikastegiak emandako Gatzontzia saria, herri-literaturaren alde egin duen lanagatik. Eta nola ez Deustuko Unibertsitateak 1999.11.17an eman zion Honoris Causa Doktore titulua eta 2002.10.06an bere jaioterri Tolosak eskaini zion Herriko seme kuttun izendapena. Etorriko ahal dira halakoren batean Gipuzkoaren izeneko saria, Koldo Mitxelena Kulturunea eta Euskaltzainburua aspalditik egosten ari diren omena, eta abar.
Bitartean, ezin dut etsi berriro Antonio Zavalaren telefono deirik hartu gabe, badakidan arren abenduaren 30ean hitz egin nuela azkenengo aldiz. Sinismen handiko gizona zen, eta sinismen horretan eutsi dionak jakingo ahal du nola saritu haren leialtasuna.
Joxemari Iriondo
Herri Literatura batzordekide,
Antonio Zavalaren laguntzaile eta
Auspoa saileko lantaldekidea
Artikulu honen ildotik: Antonio Zavala euskaltzain oso emeritua hil da
Auspoa bilduma: Antonio Zavalaren ale garatuak (Andres Urrutia)