Aurkezpena, Nafarroa Oinez 2009 dela eta, Euskaltzaindiak gaur Etxarri Aranatzen eginen duen ageriko ekitaldiaren barnean egingo da. Ekitaldi hori arratsaldeko 18:00etan hasiko da, eta Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolarekin batera burutuko du Akademiak.
Santiago Ezkerra "Lizarrusti". Bizitza eta lanak liburuan biltzen dira Ezkerraren bizi ibilbidea eta bere lanen hautaketa garrantzitsua. Hona ekartzen dugun artikulu honetan, Andres Iñigo egilea liburuaren edukiaz mintzatzen da.
Erraten ahal da euskaltzale sutsua eta idazle nekaezina dugula Ezkerra, baina bere garaiko idazlea eta, hortaz, garai bateko lekukoa Nafarroan.
Bizi ibilbidea
Santiago sei anai-arreben artean bosgarrena zen eta oso gazterik umezurtz gelditu zen. Izan ere, urte bat bertzerik ez zuenean ama hil zitzaion, bere arreba gazteena jaiotzean hain zuzen, eta handik hiruzpalau urtera aita ere galdu zuen zorigaiztoko istripu baten ondorioz.
Egindako lana
Bere euskaltzaletasuna oso agerian utzi izan du beti, bai eta aitortu ere euskaltzaletasun horrek bulkatu zuela euskaraz bizitzera eta idaztera. Idatziei dagokienez, bi epe bereizten ahal dira, fraide izan zenekoa eta ondorekoa.
Fraide izan zen garaian, Iruñeko komentuan egon zelarik, Kaputxinoek 1954an berrabiarazi zuten Zeruko Argia aldizkarian parte hartze zuzena izan zuen, bai antolaketan, bai idazle gisa ere. Bere gain hartu zuen aldizkari horretako "Kristau Ikasbidea" atala ("Lizarrrusti" izenpetu zuen) eta bertze zenbait artikulu ere idatzi zituen "Ipuinak" atalean ("Aitona" izenpetuak) batik bat. Hiru liburuxka ere argitaratu zituen: Migel Goiaingeruari bedratzi-urrena (1956), Meza saindua (1958) eta Bederatzi-urren beharrezkoenak eta eliz otoitz batzuk (1958). Horietaz gain, Urte guziko homiliak izeneko bilduma ere prestatu zuen, liburu mardul batean argitaratzeko asmoz, baina garai hartan atera zen ordenatik eta argitaratu gabe gelditu zen.
Azkenik, kontuan izatekoa da 1957an euskaltzain urgazle izendatu eta 1961az geroztik Madrilen bizi izan zenetik ez zuela Euskaltzaindiarekin harreman nabaririk izan. Gainera, Euskaltzaindiari dagokion hizkuntza gidaritza aitortzen bazion ere, ez zuen bat egin Akademiak 60ko hamarkadaz geroztik hartutako erabaki garrantzitsuenekin, grafia kontuetan batik bat. Hori dela eta, liburu honetan transkribatu ditugun testuetan egilearen grafia errespetatu dugu.
Laburbilduz erraten ahal da euskaltzale sutsua eta idazle nekaezina dugula Ezkerra, baina bere garaiko idazlea eta, hortaz, garai bateko lekukoa Nafarroan.
Andres Iñigo, Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria eta liburuaren egilea