Datorren asteazkenean, martxoaren 6an, UZEIk eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatuko dute. UZEIren izenean Jon Etxabe presidenteak sinatuko du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Sinatze ekitaldia goizeko 11:30ean izango da, Donostian, Luis Villasante Euskararen Ikergunean.
Hitzarmen horrek UZEIren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana sendotzea du helburu, betiere euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko asmoz. Euskaltzaindiaren eta UZEI elkartearen arteko harremana 1986an hasi zen, eta hainbat eginkizunetan gauzatu da, hiztegigintzan zein corpusgintzan. Hitzarmenak jasotzen duenez, bi erakundeek XX. Mendeko Euskararen Corpus Estatistikoa (ECE), Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO), Lexikoaren Behatokia (LEBE) eta Hiztegi Batuko lantaldean lankidetzan arituko dira.
|