Jose Ariztimuño "Aitzol" idazle eta kultur eragilearen omenez, urte osorako antolatu dituzten ekitaldien baitan, urriaren 14an, ostiralean, hura eta Euskal Pizkundea omenduko dituzte Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, Bilbon. Bi erakundeok, beste hainbat eragilerekin batera, "Aitzol - Euskal Pizkundearen urtea" ekimenean parte hartzen ari dira, Joseba Ariztimuño, "Aitzol" hil zeneko 75. urteurrenaren kariaz. Izan ere, aurtengo urriaren 17an, 75 urte beteko dira Jose Ariztimuño "Aitzol" (Tolosa, 1896 - Hernani, 1936) fusilatu zutela.
Jardunaldia Bilbon egingo da, Euskal Herriko Unibertsitatearen Bizkaia Aretoan (Abandoibarra hiribidean) eta bi helburu nagusi izango ditu: batetik, Euskal Pizkundea euskara biziberritzeko ahalegin oso moduan hartzea, Soziolinguistikaren begiekin aztertuaz; eta, bestetik, ahalegin hura eta azken 25 urte hauetakoa alderatzea.
Sarrerra doan izango da. Izena emateko sakatu hemen.
Jardunaldiaren egitaraua 143,80 Kb
"Aitzol eta bere lagunak. Euskal Pizkundea"ren urtearen barruan, hauxe da, beraien esanetan, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak eskain dezaketena: garai horretaz, orain arte gehiegi aztertu ez den alderdiari buruzko gogoeta.
Hala, bada, honela azaltzen dute antolatzaileek: "Tesiak egin dira Lizardiri edo Lauaxetari buruz; bertsolaritza, bertsolari-txapelketak ere aztertu dira. Baina hori, eta Euskaltzaleak taldekoek eginiko gainerako ahaleginak, ez dira oraindik aztertuak izan, Soziolinguistikaren ikuspegitik. Izan ere, azken 20 - 25 urteetan, kanpokoei begiratu diegu (Fishman-i, Mackey-ri...) gure Hizkuntza Politika abian jartzeko".
"Orduan ere -gaineratzen dute- kanpora begiratu zuen Aitzolek, Belgikara. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia egin zenean, hiru ardatz estrategiko hartu ziren: transmisioa –besteak beste, hezkuntza mundua eta helduen euskalduntzea–, erabilera eta kalitatea (sorkuntza, kultura, prestigioa). Horiek aurki ditzakegu Euskal Pizkundearen garaian ere:
- Transmisioa: umeen hezkuntza elebiduna eta horrek eskatzen duen materiala sortzea (Martin Txilibitu, Xabiertxo...); eta helduei euskara irakastea (Gau Eskolak).
- Hizkuntzari prestigioa emateko ahalegina
- Kultura sorkuntza sustatzea: Olerti-egunak, bertsolari-txapelketak, Yakintza aldizkaria..."
Horren guztiaren inguruko gogoeta da jardunaldiak eskaini nahi duena.