Gaur, martxoaren 6an, UZEIk eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Donostian, Luis Villasante Euskararen Ikergunean. UZEIren izenean Jon Etxabe presidenteak sinatu du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Euskaltzaindiaren eta UZEI elkartearen arteko harremana 1986an hasi zen, eta hainbat eginkizunetan gauzatu da: hiztegigintzan (Hiztegi Batuaren prestalaneko fase guztietan eta batzorde eta lantaldeetako kide gisa) eta corpusgintzan (XX. mendeko Euskararen Corpus Estatistikoaren osaera-fase guztietan eta Lexikoaren Behatokian). Hala, bada, gaur sinatu den lankidetza-hitzarmenaren bidez, bi erakundeok aipatu elkarlana indartu eta areagotu nahi dute, betiere euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko asmoz. Bost urteko iraupena izango duen hitzarmenak jasotzen duen legez, bi erakundeon arteko elkarlana euskararen corpusa eguneratzeko, mantentzeko, gizarteratzeko eta erabiltzaileen beharretara egokitzeko proposatzen diren egitasmoen inguruabarrean gauzatuko da.
Horiek horrela, bi erakundeek berariaz adostu dute, XX. Mendeko Euskararen Corpus Estatistikoa (ECE), Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO), Lexikoaren Behatokia (LEBE) eta Hiztegi Batuko lantaldean lankidetzan aritzea.
Horretaz gain, hauek dira hitzarmenaren ildo nagusiak:
- UZEIk antolatzen dituen ikastaro, jardunaldi, mintegi, aholkularitza, zein bestelakoetan, Euskaltzaindiaren gramatikari, lexikoari, ortografiari, toponimiari eta euskalkien erabilerari buruzko irizpideak aintzat hartuko ditu, eta hauek zabaltzeko moduak proposatuko ditu.
- UZEIk Euskaltzaindiari egingo dizkio gramatika, lexiko, ortografia, onomastika eta euskalkien erabileraren inguruko kontsultak eta horiei buruzko iradokizunak. Halakoetan, teknologia berrien erabilera sustatuko da.
- Bi erakundeok publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatuko dituzte. Gainera, argitalpen-egitasmoak partekatuko dituzte.
- Erakunde biok erraztasunak emango dizkiote elkarri egoitza nahiz azpiegitura erabiltzeko, adosten dituzten ekintzetan baliatzeko.
Helburu hauek lortzeko, UZEIk eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea sortuko dute, erakunde bakoitzeko bina kide izango dituena.
Ekitaldi berean, gaur bertan sarean jarri den Hiztegi Batuaren azken bertsioa aurkeztu du Euskaltzaindiak.