Gaur, urtarrilaren 24an, Euskaltzaindiak Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa liburua aurkeztu du Donostian, Luis Villasante Euskararen Ikergunean. Liburua Akademiak argitaratzen duen "Jagon" bildumaren 14. zenbakia da eta Euskaltzaindiaren Corpus batzordeak landu du, Pello Esnal batzordekideak koordinatu duelarik.
Aurkezpena honako hauek egin dute: Andres Urrutia euskaltzainburu eta Corpus batzordeko buruak eta Pello Esnalek. Interesgarria eta beharrezkoa. Horrela definitu du Andres Urrutiak liburuaren edukia, are gehiago corpusa gero eta handiagoa dela kontuan hartuz gero. "Corpusa handitu ahala -esan du- euskaraz idazteko estrategiak gero eta beharrezkoagoak izango dira. Eta estrategiak erabil ditzakegu gure tradizioari muzin egin gabe". Bere ondoan, Pello Esnal gaitasun komunikatiboaren garrantziaz mintzatu da, eta euskaldunon arteko idatzizko komunikazio-beharrei erantzun egokia eman behar zaiela aldarrikatu du. Horretara dator, hain zuzen ere, gaur aurkeztu den liburua. Azken batean, hark esan bezala, Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa liburuak euskal prosa eraikitze bidean urrats berri bat izan nahi du.
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.
2008an, Euskaltzaindiak Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa liburua plazaratu zuen. Euskararen egokitasuna bermatze aldera, lan horretan testu-antolatzaileak zehaztu eta sailkatu ziren, helburu bati begira: testu-antolatzaileen erabilera estrategikoa. Hain zuzen ere, liburu haren harian eta haren osagarri dator orain Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa, hark urratutako bidean aurrera egitera, alegia.
Hala, Pello Esnal zabal azaldu duen bezala, Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa honek -2008an argitaratutakoak bezala- estrategiak ditu ardatz. "Izan ere, hizkuntzaren erabileran dena ez da arau gramatikala betetzea. Behin arau gramatikalak betez gero, eremu handi batean aurkitzen da hizkuntza-erabiltzailea. Honek egokien iritzitako erabakiak hartuko ditu, askatasunez eta erantzukizunez jokatuz. Hain zuzen, erabakien mundura garamatzate estrategiek".
Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa liburuan, estrategien ikuspegitik lantzen da, hain zuzen, euskararen hitz-ordena, hiru elementu jorratuz bereziki: 1) testu-antolatzaileak, 2) mintzagaia eta galdegaia, eta 3) erlatibozko esaldiak. Jakina denez, euskararen hitz-ordena izan da, XX. mendean zehar, euskararen aztertzaile eta arautzaileen gai eta kezka nagusietako bat.
Liburuaren abiapuntuan dago Koldo Mitxelenaren 1968ko txostena -"eta hau oso inportantea da"-, honek Euskaltzaindiaren Arantzazuko biltzarrerako egina. Txosten horretan oinarrituz, ikuspegi eraberrituaz ulertzen ditu bai euskararen arazo eta korapiloak eta bai, hitz gutxitan esanda, tradizioek ondutako hitz-ordenak: nola SOA (subjektua, osagarriak, aditza) hala SAO (subjektua, aditza, osagarriak).
Pello Esnalen hitzetan, "liburua egiteko, gidari eta maisutzat hartu dira orain arteko hizkuntza-erabiltzaile onak eta aditu handiak, nola gaurkoak hala klasikoak. Beraz, idazle klasikoak berreskuratzeko gonbidapena ere bada liburua.
Liburuak, azken batean, erabakiak hartzera bultzatu nahi du euskara-erabiltzailea, jakinda erabakiak hartuz garatzen dela erabakimena (gaitasun estrategikoa) eta sinestuta horrela jokatuz jarraituko dugula elkarrekin euskararen ahalmenak garatzen eta arazoak gainditzen. Pello Esnalek dioen bezala, "zabalik uzten dugu, irakurleak berak bere bidea egin dezan. Norberak bilatu behar baitu nola urratu eta egin bere bidea: nola eskuratu apurka-apurka gaitasun komunikatiboa eta nola erantzun ahoz nahiz idatziz euskaldunon arteko komunikazio-beharrei".
Izan ere, "euskal gramatikaz, bi uste oker eta gaizto daude euskaldunon artean zabalduta: batetik, arautzen duena baino gehiago arautzen duela eta, bestetik, nahikoa dela arau gramatikalak betetzea".