Aurtengo urriaren 17an, 75 urte beteko dira Jose Ariztimuño Aitzol (Tolosa, 1896 - Hernani, 1936) fusilatu zutela. Aitzol eta bere belaunaldia gogora ekartzeko asmoz, eta omenaldi gisa, 2011. urtea "Aitzol eta Euskal Pizkundearen urtea" izendatu du Tolosako Udalak. Horrela azaldu zuen, otsailaren 19an egindako agerraldian, Jokin Bildarratz Tolosako alkateak. Hainbat erakundek parte hartuko dute omenaldian, eta Euskaltzaindia da horietako bat.
Ekitaldian, Anjel Lertxundi idazleak aldarri bat irakurri zuen, "Nor naizen asmatu" izenekoa. Martxoaren 18an egingo da lehen ekitaldia, egun horretan oroigarri bat jarriko baita Aitzol jaio zen etxean. Bestalde, urte oson zehar egingo diren ekitaldien berri emateko, www.euskalpizkundea.net webgunea sortu da.
Akademiaz gain, erakunde hauek parte hartuko dute omenaldian: Eusko Jaurlaritza, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako, Zarauzko, Mungiako, Baztango eta Hernaniko Udalak, Eusko Ikaskuntza, Euskal Herriko Unibertsitatea, Sabino Arana Fundazioa, Aranzadi Zientzia Elkartea, Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundea, Nafarroako Euskara Kultur Elkargoa, Bertsozale Elkartea, Laskorain ikastola eta Kutxa. Guztien ordezkariak izan ziren larunbatean, Tolosan eginiko aurkezpenean. Euskaltzaindiaren izenean Andoni Sagarna Iker sailburua egon zen.