• 1571n eginiko edizioaren ale bat utzi die Euskaltzaindiak Gerediaga Elkarteari eta Durangoko Eliza Ebanjelistari.
  • Joanes Leizarraga apaizaren Jesus Krist gure Jaunaren Testamentu Berria euskal libururik ospetsuena eta estimatuenetakoa da. Nafarroa oraindik independente baten erregina legitimoak (Joana Albretek) agindu eta sustatu zuen itzulpen hau, eta bertan agertzen da idatzita, lehenengoz, Euskal Herria izena.
  • Andres Urrutia: "Liburu hau zoragarria da, sekulako altxorra. Esaterako, euskara estandar antzeko bat egiteko ezagutzen dugun lehen ahalegina da, Albret erregina horretan tematu zelako".
  • Itzulpen honen hamabi ale inguru baino ez dira ezagutzen munduan, eta Euskaltzaindiak horietako hiru ditu (bi gordailuan).
  • XVI. mendeko altxorra Kurutzesantu Museoan egon da ikusgai, larunbat honetan.

    24862476 1193459494121760 7190563726606696626 n
    (Leizarragak ahalegin berezia egin zuen itzulpen honetan. Lapurtera eta nafar euskalkiak maisuki nahastuz)

Egun bakarra izan da, baina bete-betea. Larunbat honetan, 1571n plazaratutako liburu eder bezain bitxia erakutsi du Gerediaga Elkarteak Durangoko Kurutzesantu Museoan. Kristalezko bitrina batean erakutsi dute Joanes Leizarragaren Jesus Krist gure Jaunaren Testamentu Berria, hain zuzen, apaiz baxenabartarrak eginiko aparteko itzulpena. Apartekoa, euskara estandar antzerko bat erabiltzen saiatu zelako; aparta, baita, lehen edizio hau Joana Albret Nafarroa Behereko erreginak agindu eta sustatu zuelako; eta berezia bertan agertzen delako -lehenengoz- Euskal Herria izena idatzita.

Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Eliza Ebanjelikoak antolatu dute erakusketa laburra, Euskaltzaindia eta Durangoko Arte eta Historia Museoaren laguntzarekin. Jon Irazabal Gerediagako ordezkariak azaldu du egitasmoaren xedea: "Aurten bete da Luteroren Erreformaren 500. urteurrena. Erreforma honen ondorioz hainbat aldaketa izan zen munduan zehar, eta Euskal Herria ere ez zen mugimendu hauetatik kanpo gelditu. Nafarroako erreginak, Joana Albretek, Elizaren mugimendu berria besarkatu zuen eta ondorioz berak proposatutako aldakuntzak bideratzen hasi zen. Tartean, Testamentu Berriaren itzulpen hau. Hori gogoratu nahi izan dugu, gaur, ekintza puntual honekin".

Andres Urrutia euskaltzainburuak ere liburuaren garrantzia azpimarratu du: "Gurean, gutxitan gertatzen dira honelakoan, hain zuzen, duela 500 urte argitaratutako liburu bat jendearen aurrean erakustea. Orain arte dakigunez, euskaraz inprimatutako bigarren liburua da Leizarragarena. Guztiz esanguratsua da itzulpen hau, ez bakarrik hizkuntzalaritza eta filologiaren ikuspegitik, baita euskararen historiaren aldetik; eta adierazgarria ere bada, erakusten duelako behin Nafarroako erregina batek, kasu honetan Joana Albretek, izan zuela proiektu bat euskararentzat, ez bakarrik gure hizkuntza erlijioan hauspotzeko, ez bada gizarte osoan".

1571n argitaratu zen lehen edizioa, eta gaur egun hamabi bat ale baino ez dira ezagutzen. Euskaltzaindiak hiru ditu (bi gordailuan).

24852488 1193460640788312 7414544824371708728 n
(Gerediaga Elkarteko kideak, Durangoko Eliza Ebanjelikoko arduradunak eta Andres Urrutia euskaltzainburua, gaur, Kurutzesantu Museoan)

Jesus Krist gure Jaunaren Testamentu Berria (1571)
Leizarragaren Jesus Krist gure Jaunaren Testamentu Berria (1571) ziur aski euskal libururik ospetsuena eta estimatuena izan da, eta da. Ez da euskaraz argitaratu zen lehen liburua, ezta ere Leizarragak argitaratu zuen bakarra; ez da, halaber, euskal literatura klasikoa (hots, lapurtera klasikoa), baina hala eta guztiz ere XIX. mende bukaera eta XX. mende hasierako euskal bibliografo eta euskalarientzat  (Abadia, Bonaparte, Vinson, Lacombe, Urkixo, Schuchardt...), guztientzat, esanahi berezia zuen, Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae edo Axularren Geroren gainetik.

Ez da zaila asmatzea zergatik. Batetik, protestanteek argitaratutako liburua zen, hain katolikoa zen Euskal Herri hartan exotismo puntu nabarmen batez ohartarazten zena. Bestetik, Nafarroa oraindik independente baten erregina legitimoak, hots, Joana Albretek, agindu eta sustatutako liburua zen, foruak galdu ondorengo Euskal Herri foralista hartan ere nostalgia suhar batez oroitarazten zena. Gainera, eta ororen buru, Europako kultur tradizioaren liburu nagusiaren euskal itzulpena zen, hots, gure hizkuntza baserritarra Europaren testuinguruan naturaltasun osoz kokatzen zuena, beste edozein hizkuntzaren pare. Eta, hari beretik, goi mailako euskara batu bat egiteko lehen saio aipagarria zen, hots, ez hangoa edo hemengo izango zen euskara bat, baizik eta kulturaren maila jasoa ere euskaldun ororen eskura jarri nahi zuen hizkuntza goitarra.

Baina bada beste faktore lagungarri bat. Liburu hau da, ziur aski, euskaraz inoiz inprimatu izan den libururik ederrena. Kontura gaitezen Biblia bera dela, hots, hizkuntza guztietan aldi oro itxuraren aldetik ere arreta berezia merezi izan duen argitalpena.

Bukatzeko, Etxepareren liburuaren ale bakarra ezagutzen dugu; bakarra, halaber, Betolatzarena; bakarra, orobat, Refranes y sentencias (eta hura  II. Mundu Gerran galdua); Lazarragarena ere bakarra da, eta argitaragabea; Leizarragaren beraren beste bi liburuen (Kalendrera eta Abc edo Kristinoen instrukzionea) ale bat (edo agian bi) baino ez ditugu ezagutzen; Santxo Eltsokoaren katixima, aldiz, alerik ere ez. Aldiz, biblia bat izatea, eta edizio hain zaindua gainera, erraztu bide du hainbat ale gordetzea eta bibliomanoen gutizia bihurtzea.

IMG 5200

Hamabi ale?
Gai honetan egon den aditu nagusiak, Julien Vinsonek, 26 ale zituen begiz jota 1907an, baina arreta bereziz ohartarazten digu berak azken urteotan ikusi edo ezagututako ale horietatik ordurako bi desagertuak zirela, eta beldur zela beste hainbat ere bide beretik ez ote ziren joango, hots, bilduma pribatuetan ezkutatuko. Gaur egun, erakusketa honen harira eginiko bilaketa arin batean, dozena batetik gora ale baino ez dugu aurkitu ahal izan, batzuk biblioteka publikoetan eta beste batzuk bilduma pribatuetan.

IMG 5206

Leizarraga (profil labur bat)
Joanes Leizarraga 1506 aldean jaio zen Beskoitzen (Lapurdi). Ez dago datu askorik bere bizitzaz, baina dakiguna da apaiz katolikoa izan zela eta, ondoren, Erreformari atxiki zitzaiola, artzain protestante bihurtuz. Nafarroako erregina Joana III.a Albreten aginduei segituz, Biarnoko protestanteen sinodoak Itun Berria eta beste hainbat testu erlijioso protestante euskaratzeko eskatu zion, lan hori egiteko zenbait laguntzaile izan zituelarik. Egitasmo horren barruan hiru liburu argitaratu ziren guztira, hiruak Arroxelan, 1571an: lehena Jesus Krist gure Jaunaren Testamentu Berria, bigarrena Kalendrera eta hirugarrena ABC edo Kristinoen instrukzionea. Horietatik garrantzitsuena lehena da, bertan, Itun Berriaz gain, beste zenbait testu erlijioso ere biltzen direlarik. Hori da Euskaltzaindiak duela hamar urte erosi zuen liburua eta gaur Durangon erakutsi dena.

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh