• Euskal Idazleen Elkarteak hitzaldi bat antolatu du Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, gaur, 19:00etan, bere 35. urtemuga ospatzeko.
  • Akademia izan zen EIEren bultzatzaile nagusia (Juan San Martin Jagon sailburua, hain zuzen), eta ekitaldia baino lehen sarrera-hitzak Andres Urrutia euskaltzainburuak eta EIEko lehendakari Jasone Osorok emanen dituzte.
  • 1982ko akta batek jasotzen duen legez, honela utzi zuen idatzita Juan San Martin euskaltzainak, EIE sorrera-araudiaren sarreran: "Beste gabe, euskal idazleok ere, gogoan har: txikiak handia bentzi ledi, asmoz eta jakitez. Beraz, aurrera begira, Ekin eta Jarrai".
  • Osoro eta Urrutiaren hitzen ostean, Jule Goikoetxea eta Juan Kruz Igerabide idazleek '...Eta hogei urte barru? Orduan ere umorez' berbaldia eskainiko dute.

    jasone23
    (Jasone Osoro EIEko lehendakaria -Argazkia: Lander Garro-)

Jasone Osoro duela lau urte izendatu zuten Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari. Orduko hartan, elgoibartar idazleak hiru lerro nagusi ezarri zituen, eta ondorengo urteetan horiek garatzen ahalegindu da elkartea. 2018an kargua utziko du Osorok, eta elkarrizketa hau baliatu dugu 2014ko helburu haiek zertan diren jakiteko.

Kargua hartu zenuenean, hiru lerro nagusi ezarri zenituen: gizartean elkarteak eta idazleek duten presentzia areagotzea, idazlearen estatusa babestea eta idazle berriak erakartzea. Helburuak lortu dira?
Helburu horiek hasieratik izan ditu Elkarteak eta gu, Zuzendaritza Batzordea, azken urte hauetan ere horren zereginean jardun gara. EIEren eta idazleen presentzia gizarteratzen ahalegindu gara, batez ere. Horretarako kaleratu dugu 'Hegats' berria, Uberan eta Irakurrieran komunikabideetan moldaketak egin ditugu,... Gaurko joerak jarraituz, sare sozialetan presentzia handiagoa daukagu, batez ere gizartera begira egiten diren proiektuetan ('Uberan', Irakurrieran, Irakasle eta liburutegietako arduradunen artean 'Hegats' modu digitalean zabaltzea)...

Lortu duzue 'Uberan' literatura arloan aktore ezaguna eta garrantzizkoa izatea...
Bai, Elkartearen proiektu guztietan aritzen diren lan-taldeak oso onak dira eta horrek eragina du emaitzan, nola ez. Gainera, bazkideei leiho berri bat zabaldu diegu web gunean. Liburuetatik abiatuta sortzen diren emankizunen inguruko informazioa jarri dugu eta herrietako kultura programatzaileei ere zuzenean bidaltzen diegu informazio hori. Idazlearen eta kontratatzailean zubi-lana egiten du Elkarteak. Ez gara errepresentanteak, baina sustapenean laguntzen diogu sortzaileari eta eskaintzaren beri ematen diogu dinamizatzaileari.

Azken lau urteotan, beste Elkarte batzuekin dituzuen hartu-emanak sendotu dituzue?
Erakunde eta elkarteekin harremana izatea funtsezkoa da. Gaur egun, Donostia Kulturarekin, esaterako, Poesia orduak, Literaktum, Beste hitzak eta Irakurle talde digitala bezalako ekimenak ditugu elkarlanean.  Horrez gain, Idazleak ikastetxeetan programa Nafarroara ere zabaldu da. Nafarroako idazleen elkartearekin eta Asociación de Escritores Vascos-ekin ere estutu ditugu harremanak. Gainera, Estatu espainolean izandako Idazle Elkarteen lehen bileran jasotako dokumentuan, euskara ere gainerako hizkuntza ofizialekin parekatzea eskatu genuen, hasiera batean horrela ikusi ez bazen ere. Eskarietan Etxepare Institutua aintzat hartzea ere sartu genuen, Instituto Cervantes-en maila berean jarriz.

EKKIren sorrera ere bultzatu zenuten...
Bai, apustu handia izan zen, horretarako Cedrotik atera behar izan baikinen. Egia da oraindik EKKIk ez duela emaitzarik eman. Guk nahi eta espero baino astiroago doan gaia da baina gauza hauek ez dira egun batetik bestera lortzen eta pentsatu nahi dut bide onetik goazela. Bazkideen eskubideen defentsarako garrantzitsua da eskubide horiek hemendik bertatik kudeatu ahal izatea. Guk uste dugu bazkideak aukera izan behar duela jakiteko zer diren egile-eskubideak, nola kudeatzen diren, zer den kontratu bat, nola egin behar den fakturazioa... Eta gai horiei buruzko bi mintegi antolatu ditu EIEk bazkideei zuzenduta.

Azken urteotan, bazkideen kopuruak ere gora egin du, ezta?
380 bazkide ditugu orain, 2014ko martxoan baino 36 gehiago, ia %10 gehiago. Belaunaldi berri bat integratu da Elkartean, eta gazteak integratzen joan dira proiektu ezberdinetan. EIEko programetan aktibo daude gazteak. Katixa Agirre ZBn, Danele Sarriugarte 'Uberan'en, Alaine Agirre 'Hegats'en, Chivite Poesia Orduetan...

Lorpenak badira, bai, eta arantzarik?
Oraindik ez dut baloraziorik egin, baina garbi dago beti geratzen direla arantzatxo batzuk. Esaterako, sukaldean daukagu idazleentzat JEZ (IAE) idazpuru bat bultzatzea. Ezin da aurreikusitako guztia bete, faktore desberdinak tarteko, baina orokorrean niretzat esperientzia positiboa izan da. Sei urte egin ditut Elkartean modu aktiboan lanean (bi urte zuzendaritzan eta lau lehendakari bezala), eta tarte horretan Elkartea ezagutu dut, bertako lan-talde profesionala, hainbat Erakunde eta Elkarterekin dagoen harremana, lehendik ezagutzen ez nituen bazkideak... Etapa guztietatik ikasten da zer edo zer eta honek ere balio izan dit horretarako.

Argi dago, behintzat, euskarazko literaturan emakumezkoak azken urteotan hartutako lekua EIEn ere islatu dela, ezta?
Bai, baina nik gehiago esango nuke emakumea ari dela bere lekua aldarrikatzen, bilatzen eta, kasu batzuetan, baita hartzen ere (orokorrean ari naiz, gizarteari begira). Baina oraindik urrun gaude benetako berdintasunetik eta iruditzen zait kosta egiten zaigula aulki ezberdinetan (publikoetan, batez ere) eroso sentitzea. Bide onetik goaz, bai, baina oraindik asko dago egiteko egoera normalizatu batera iritsi ahal izateko.

Baina euskal literaturan aspalditik dagoen joera begi-bistakoa da...
Euskal literaturan azken urteetan eman diren ahots propio eta bereziak emakumezkoak direla esango nuke eta, dudarik gabe, testuinguruaren araberakoa ere bada sorkuntza. Esan nahi dut ez dela gauza bera emakumezko edo gizonezko jaiotzea, XX. mendean edo XXI.-aren atarian, Euskal Herrian edo Afrikan... Logikoki, faktore askok eragiten dute idazteko moduan, kontatzen diren istorioetan, aukeratzen diren pertsonaia eta protagonistetan. Egungo emakumeak badaki zer nahi duen eta ausartagoa da nahi duen hori zer den esateko eta baita hori lortzeko borrokatzeko ere. Zentzu horretan, emakumezkoak hasi gara gorpuzten, errealitatean eta fikzioan.

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh