• 2017rako lan ildoak zehazten dituen akordioa sinatu dute, gaur, Baionako Euskal Museoak eta Euskaltzaindiak. Jean-Claude Larronde Euskal Museoko lehendakariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak izenpetu dute dokumentu berria.
  • “Garrantzitsua da urtero-urtero ematen dugun pauso hau, Euskal Museoak duen helburu nagusia gurea ere badelako, hots, euskal kulturaren garapena eta hedadura sostengatzea”, esan du Andres Urrutia euskaltzainburuak, Baionan.
  • Yves Ugalde Baionako auzapezordeak ere akordioaren garrantzia azpimarratu du: "Euskararen presentzia areagotuko da hirian, eta Herriko Etxearekin Akademiak aurten sinatu duen osagarri paregabea da lan-hitzarmen berri hau".

    IMG 20171002 104017 409
    (Yves Ugalde, Jean-Claude Larronde, Andres Urrutia eta Xarles Videgain, gaurko agerpenean)

Honela, bi erakundeak elkarlanean arituko dira, euskararen eta euskal kulturaren eremuan dituzten proiektuen gauzatzeko eta Akademiak euskararen alorrean ezarri arauak zabaltzeko. Halaber, Euskaltzaindiak erantzuna emango die Baionako Euskal Museoak eginiko kontsultei, kontsultak euskararen kalitateaz, euskal lexikoaz, gramatikaz, onomastikaz, ortografiaz, erabilera egokiaz eta, oro har, euskararen araugintzako bestelako gaiei buruzkoak direnean. Era berean, erakunde sinatzaileek hizkuntza baliabideak ezagutarazteko lantegiak edota ikastaroak antolatuko dituzte, Baionako Euskal Museoaren egoitzan edo ikastaro hauen hartzaileentzat egoki izan daitekeen beste toki batean. Bestetik, bi erakundeak elkarlanean arituko dira beren bibliotekako funtsa sendotzeko.

Abendura bitarteko zereginak
Hona hemen 2017. urtean bi aldeek lankidetzan garatuko dituzten ekintza konkretuak: ‘Euskara ibiltaria’ erakusketa (irailaren 11tik gaurdaino zabalik egon dena); ‘Pirinioetako hizkuntzak’ erakusketa eta jardunaldia (azaroaren 20tik abenduaren 17ra); eta Erlea 11ren aurkezpena (abenduan).

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh