• Baigorri, Segura, Leitza, Zalla, Zumaia, Tolosa, Bastida, Irun, Maule-Lextarre, Durango, Amurrio, Donibane Lohizune, Iruñea eta Barakaldo izango ditu helmuga Euskaltzaindiak babesten duen Bertsolari Txapelketa Nagusiak.
  • “Ez da kontu sinbolikoa, ezta indar erakustaldi bat. Errealitate baten isla da, bertsolaritza bizirik baitago eremu horietan”, azaldu du Iñaki Muruak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak.

    XDZ 2829 edit
    (Bertsozale Elkarteko arduradunak, gaur, Bilboko gure egoitzan)

  • Irailaren 23an abiatuko da Txapelketa, eta abenduaren 17an amaitu, Barakaldoko BECen.

Baigorri, Segura, Leitza, Zalla, Zumaia, Tolosa, Bastida, Irun, Maule-Lextarre, Durango, Amurrio, Donibane Lohizune, Iruñea eta Barakaldo izango ditu helmuga Bertsolari Txapelketa Nagusiak, eta, uda aurretik iragarri moduan, irailaren 23an abiatuko da eta abenduaren 17an amaituko. Horrela adierazi dute Txapelketako antolatzaileek, gaur, Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan egindako agerraldian.
 
Hala, lehen aldiz aldi berean izango da txapelketa euskararen zazpi lurraldeetan: “Modu batera edo bestera bertsolaritza presente dago guztietan eta horren isla da aurtengo Txapelketa Nagusia”, azaldu du Jokin Castaños Bertsolari Txapelketa Nagusiko talde antolatzaileko kideak gaur goizean. Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak gaineratu du errealitate baten isla dela, "bertsolaritza bizirik baitago eremu horietan”.
 
Esan bezala, gaur goizeko hamaiketan Bilbon Euskaltzaindiak duen egoitzan egin du Bertsozale Elkarteak txapelketa aurkezteko prentsaurrekoa. Bertan parte hartu dute, aipatutako Jokin Castaños eta Iñaki Muruaz gainera, lurraldeetako bertsozale elkarteetako lehendakariek: Alaitz Rekondo, Asier Ibaibarriaga, Ekaitz Elorriaga, Saroi Jauregi eta Xumai Murua, Nafarroako, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Bertsularien Lagunak – Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoa- elkarteetako lehendakariek, hurrenez hurren.

IMG 3957
(Xabier Kintana eta Adolfo Arejita euskaltzainak ere izan dira gaurko prentsaurrekoan)

43 bertsolari, 18 gai jartzaile eta 20 epaile
 
Jokin Castañosek eman ditu txapelketaren inguruko xehetasunak: “Unai Iturriagak ez du izena eman eta finalista denez ez du ordezkorik izango eta Iñaki Gurrutxagak uko egin dio parte hartzeko aukerari eta Felix Zubiak abestuko du bere ordez”. Final laurdenak, finalaurrekoak eta finala izango ditu txapelketak: “finalaurrekoak bi fasetan jokatuko dira eta bi faseen artean puntu gehien lortzen dituzten zazpi bertsolariak pasako dira finalera”. Finalaurrekoetatik sailkatutako zazpiak eta Amets Arzallus  egungo txapelduna izango dira Barakaldoko finalean.
 
Saioak arratsaldeko bostetan hasiko dira, finala izan ezik, baina saioa izango den herrietan bestelako ekitaldiak antolatu dira herria bera bertsolaritzaz girotzeko; besteak beste, Segurako final laurdenarekin batera egingo da Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguna irailaren 30ean.
 
Sarrerak jada salgai
 
www.bertsosarrerak.eus atarian salgai dira sarrerak. Final laurdenetako sarrerak denontzat daude jada eskuragai eta finalaurrekoak eta finalekoak bazkideentzat daude soilik urriaren 2ra arte. Bestalde, bazkideek lortu ahal izango dute bakarrik abonamendua. “Txapelketa honetan onura gehiago eskaini nahi izan diegu gure bazkideei, haien inplikazioa eta ekarpena eskertzeko modurik onena dela iruditzen baitzaigu. Izan ere, Bertsozale Elkarteko bazkideak dira gaur aurkezten dugun Bertsolari Txapelketa Nagusi honen eta Bertsozale Elkarteak aurrera eramaten dituen bestelako hamaika ekimenaren sostengurik handi, fidel eta ezinbestekoena”, azaldu du Muruak. Era berean, salmenta guneak ere izango dira Euskal Herri osoan zehar, sarrera arruntak erosteko. 
 Halaber, urtean zehar Bertsozale Elkartearen jarduera babesten duten erakundeak aipatu eta eskertu ditu Bertsozale Elkarteko lehendakariak, eta baita bere jarduera ezagutzera emateko bozgorailu lana egiten duten hedabide laguntzaileak ere.
 
Txapelketari buruzko ataria prest dago www.bertsozale.eus webgunean; ohiko informazio praktikoaz gain, bertsogintzaren inguruko hausnarketak bilduko dira alor ezberdineko adituen eskutik: Harkaitz Cano idazlea, Uxue Alberdi bertsolaria edo Mateu Xuri glosadorea dira horietako batzuk. Bestalde, jarraipen zabala egingo zaio www.bertsoa.eus-en ere eta Bertsozale Elkarteak ekoitzi eta ETB1en eskaintzen den Hitzetik Hortzera telebista saioak txapelketarekin ekingo dio irailaren 24an ikasturte berriari; horri gehitu behar zaio kate berean astelehenetan eskainiko den Aulki Jokoa telebista programa. 

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh