Euskaltzaindiak 'Amiküze eskualdeko eskuara' ikerlana publikatu berri du, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz (gure web orrian eskuratu daiteke: klikatu hemen).
Liburu honek urte luzeetako lana dakar, hots, Nafarroa Behereko goi alderdiko ibar bateko euskararen azterketa sakona. Indarra galduz doa euskara Donapaleu buru duen Amiküzeko eskualdean, gizartean ahul dago, horregatik, azken urteetan adineko jendeekin egonez mintzoa biltzea eta aztertzea izan da lan interesgarri honen helburua. Horretarako, Amiküzeko eta ondoko ibarretako herrietara jo du egileak, grabazio luzeak egitera: 49 herritara jo du, eta adineko euskaldunen etxeetan jardun du datuak biltzen.
Iñaki Camino Lertxundi doktoreak ondu du lan berria, eta, Amiküzeko biztanleen mintzoaz gain, eskualdeko euskal testu historikoak aztertu dira. “Ez Amiküzekoak bakarrik, baita ondoko Zuberoako, Hazparnealdeko, Bardozeko Aturrialdean, Arberoako edo Oztibarrekoak ere”, egileak berak azpimarratzen duen legez.
(Iñaki Camino Lertxundi EHUko doktore eta ikerlaria, Nafarroan egindako aurkezpen ekitaldian).
Noiz eta nola otu zitzaizun ikerketa hau egitea?
2004ko udatik neukan lan hau egiteko gogoa.
Lurralde zabala da Amiküze, 32 herrik osatua, eta susmatzen nuen hizkuntzaren aldetik ez zitekeela eskualde batu eta homogeneoa izan; horixe bera bermatu dute ikerlanaren ondorioek: hizkuntza-eragina bildu du ipar, hego, ekialde eta mendebaletik.
Nola aukeratzen dituzu lekukoak?
Honelako lanak bakarka egin ohi ditut eta ahal bezala hautatzen ditut, baina baldintza batzuk bete behar dituzte: euskaraz bizi zen jendamende bateko adineko hiztunak izatea, aztergai dugun herrian sortuak izatea, aitaren ala amaren aldetik herriko euskararen ohituran heziak izatea, herri horretako mintzoa leial ordezkatzea; beti ez da eginkizun erraza, baina hori izaten dut iparra. Dena den, aitortu behar dut lekuko batzuk hautatzen amiküztar gazteagoek (Jean-Claude Mailharinek, Mattin Irigoienek...) anitz lagundu nautela.
Nola hartu zaituzte?
Ez dut kexurik, zinez ongi hartu naute eta esker ona dut bihotzean amiküztar euskaldunendako.
Testigantzak bai, baina testu historikoak ere aztertu dituzu. Non bilatutakoak dira?
Aztertu ditut, bai, baina ez ditut nik ezagutarazi; nolanahi ere den, bada ezbada ere, eskualdeko testuak zuzenean ezagutzeko Paueko eta Pariseko liburutegi ofizialetara jo dut.
Zeintzuk dira, bada, Amiküzeko euskararen ezaugarri nagusiak?
Norabide adlatiboan '-radio' aldaera baliatzen da; etorkizuna adierazteko '-tiko' egiten da aditzean 'tuko' beharrean; aditzaren morfologian anitz kasutan galtzen da 'gu' morfema adizkietan; 'e-e'eredua dago 'neteke'-‘ninteke’, 'leteke'-‘liteke’, 'zeteken'-'zitekeen’ erako adizkietan; hilketan 'gitzan' ‘gaitun = 'gara’ & gitzak' ‘gaituk = gara’ erako berrikuntzak gertatu dira; bigarren pertsona pluralaren datibo atzizkia '-zite' da eta ez '-zie = -zue'...
Amiküze ondoko okzitanieraren eragina ere nabaritzen da, apur bat. Noraino heltzen da eragin hori?
Ez dut gaia aztertu, baina ibarraren iparraldean ageri da euskaraz berria den 'ü' fonema euskal hitzetan, frantsesaren mailegu ez direnetan; iritzi orokorra da berrikuntza hori euskarak eta okzitanierak elkar ukitzen duten alderdietan gertatu dela, nahiz ez den alderdi guztietan gertatu, eman dezagun, Lapurdiko ipar ekialdean (Hiriburu, Lehuntze, Urketa) ez da gertatu, baina Amiküzen eta Zuberoan bai.
Frantsesak bai, indarrez eragiten dio bertako euskarari. Zein neurritan? Hitzen maileguan bakarrik?
Ez dira maileguak bakarrik, horiez landa, ahoskeran bereziki eragin du, hiztun zaharrenen artean horrenbeste ohartematen ez bada ere, baina morfologian eta sintaxian ere eragina sortuz doa emeki-emeki.
Nola ekidin egoera hau? Berreskuratze lana abian dago?
Ez da aise, frantses kultura instituzionala indar eta erakarmen handikoa baita. Ikastola, AEK, Irulegi irratia, Donapaleuko Zabalik elkartea… beren lana duintasun handiz eta ahal duten heinean ari dira egiten, ez zaie deus leporatzen ahal; kontzientzia lana erein behar da gazte jendea euskaltzaletuz joan dadin, baina ez da aise, frantses kulturaren indarra makro erakoa da eta horri euskaltasunaren bidez aurre egiteak izugarrizko eginahala eskatzen du.
Aipatzen dituzu etnotestuak, Amiküzeko herrietan bildutakoak. Zer adierazten dute?
Adierazten dute badela herri bat boterearen ondoan bizi behar duena eta batzuetan ezinean dena, ez lurrik ez etxerik gabe, biltzen duen mozkinaren erdia etxeko jaunei emanez, etxe eta lurren jabeei, badela apezen larderiari aurre egin behar dion gizarte kristau bat, euskaraz mintzo zen herri bat izan zela eskolan frantsesa ongi ikasi beste biderik ukan ez zuena, badela gizarte abeltzain eta nekazari bat XX. mendearen erdian kultura eta lan eren eta prozesuen aldaketa izugarria bizi ukan duena; eta jendearen ohiko bizikizunak, familia, etxea, garai bateko elkar-laguntza, jaiak, amodioa…
Eta ikerlana ez da bukatu...
Ez, inondik inora. Bada zerbait hasteko, baina jarraipena ematea amikuztarrei dagokie eta badakit gogo onez dihardutela eta liburu honi etekin ez anitz baina bai zerbait atera nahirik ari direla.