Aldi berri hau babestuko duten erakundeen artean izango da Euskaltzaindia.
Guztira, 43 bertsolarik parte hartuko dute; besteak beste, Amets Arzallusek eta Maialen Lujanbiok.
Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, irailaren 23an estreinatuko da txapelketa berria, Baigorrin. Guztira 14 saio izango ditu Bertsolari Txapelketa Nagusiak -aurreko edizioan bezala- eta abenduaren 17an amaituko da, Barakaldoko BECen. Irailaren 12an egingo da aurkezpen ofiziala, eta irailaren 20an aurkezpen festa iragarri dute antolatzaileek.
Elkartetik aurreratu duten bezala, "azken bi urteotan egin diren herrialdeetako txapelketetan eskuratu dute bertsolariek Txapelketa Nagusian parte hartzeko aukera, eta, horiez gain, orain dela lau urteko finalistek zuzenean lortua zuten txartela".
Guztira, 43 bertsolarik eman dute izena Txapelketa berrian. Tartean daude azken bi txapeldunak: Amets Arzallus (2013) eta Maialen Lujanbio (2009).