Isabelle Echeverriak  ‘Piarres Larzabalen antzerkigintza: 1950-1982. Euskarazko antzerki identitatioaren paradigmak’ ikerlana aurkeztu du, gaur, Saran egin den 34. Idazleen Biltzarrean. Lan honetan, azkaindarraren obra oparoa aztertu du, argitaratu gabe zeuden bi lan gehitu dituela.

Echeverriak Larzabalen lana goraipatu du jendaurrean, haren gogo eta jardun “berritzailea”, eta gogoratu du Piarres Larzabalen (Azkaine, Lapurdi, 1915- Ziburu, 1988) lanek euskal antzerkigintzari emandako guztia: “Gauza asko eman zizkion, baina, batez ere, gogoetarako plaza bihurtu zuen antzerkia, eta modernitate puntu bat erantsi zion, gai politikoak eta sozialak garatuz”.

Kruzeta Urrutia Berge Echeverria
(Kruzeta, Urrutia, Bergè eta Echeverria, gaur, Idazleen Biltzarrean)

Sormenari begira, Echeverriak adierazi du euskal antzerkiak garai onak bizi dituela, baina beste kontu batzuetan ikusten du herrena: “Beste edozein herriko antzerkiaren pare jarri da euskal antzerkia, eta Ipar Euskal Herrian ere bizi-bizi dago, profesional zein amateur mailan kalitatezko lanak ontzen direlako, baina gurean jende gutxi ikusten da plazetan, publiko gehiago behar dugu, belaunaldi berriek hau dena guztia present duten arren”.

Hiztegiaren arrakasta
Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean editatutako liburua da Larzabalena, baina Akademiak bigarren lan bat ere eraman du Sarako polikiroldegira, hots, Euskaltzaindiaren Hiztegia, 38.000 sarrera inguru eta 61.000 adiera dituen lan mardul eta zorrotza.

Elizabet Kruzeta Hiztegi Batuko lantaldeko kideak azaldu ditu Hiztegiaren ezaugarriak, haren bertsio digitala goraipatuz: “Bisita ugari jaso ditu Euskaltzaindiaren webgunean eskegita dagoen bertsio digitalak; esaterako, martxoan 190.000tik gora”. Akademiak iaz aurkeztu zuen tresna berriak erabiltzaileei eskaintzen dizkien abantailak ere aletu ditu, Saran, hizkuntzalariak: “Bilaketa desberdinak egin ditzakegu, eta corpus zabalean arakatu, bestelako hiru hiztegi ere hortxe baitaude, Interneten eskegita. Guretzat ere tresna zoragarria da, bertsio digitalak akatsak arin samar zuzentzeko aukera ematen digulako, eta sarrera edo adiera berriak gehitzeko aukera ere bai”.

Azkenik, Akademiak Piarres Charritton euskaltzain emeritua, Marie Jeanne Minaberry ohorezko euskaltzaina eta Hasier Etxeberria idazle eta kazetaria omendu ditu Saran, lagun, senide, idazle eta euskaltzale ugariren aurrean.

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh