• Hitzarmen-marko berriak sei urteko epealdia hartuko du (2017-2022).
  • Besteak beste, eta akordioaren bitartez, honako egitasmo hauek bideratuko dira: Ipar Euskal Herriari dagozkion argitalpenak segurtatuko dira, hala nola lurraldeko gaiak, idazle batzuen idazlan ala antologia batzuen argitaratzeak; Euskaltzaindiak euskara batuaren alorrean egindako lana zabaltzen eta hedatzen ahaleginduko da Euskararen Erakunde Publikoa; eta Akademiak toponimoen grafia egokiari buruz EEPk ukaiten dituen galderak erantzungo ditu.
  • Andres Urrutia, euskaltzainburua: “Hitzarmen hau bestelako pausoa da Euskaltzaindia goi mailako erakunde moduan aitortzeko. Jada egina da hori Euskal Autonomia Erkidegoan nahiz Nafarroan, eta oraintxe dator Iparraldearen orena”.
    “Itun honekin euskal lanak sustatu nahi ditugu, batetik, eta, bestetik, euskararen presentzia indartu nahi dugu bizitza publikoan eta jendaurreko jardunean”, azaldu du.
  • Mathieu Bergé, EEPren presidentea: “Plazer bat da hitzarmen hau sinatzea, niretzat azkena izango dena, Euskal Elkargoarekin aldaketa handien garaian baikaude Ipar Euskal Herrian”. “Euskal Elkargoarekin aldaketak datoz, Herriko Etxeek euskararen eskumenak haren esku utzi ahal dituzte, baina, era berean, herriek mantendu behar dute euskararen aldeko ekimenak egiteko gaitasun hori”, gaineratu du.

    EEPeuskaltzaindia
    (Mathieu Bergé EEPko lehendakaria, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin eta Xarles Bidegain euskaltzainburuordearekin)

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Euskaltzaindiak 2017-2022 epealdirako hitzarmen-marko berria sinatu dute gaur, Baionan. EEPren izenean Mathieu Bergék sinatu du akordioa, eta Euskaltzaindiaren izenean, Andres Urrutiak. Sinatu ostean, euskaltzainburuak adierazi du hitzarmen honek euskararentzat “abagune berriak” ekarriko dituela Ipar Euskal Herrian: “Bestelako pausoa da Euskaltzaindia goi mailako erakunde moduan aitortzeko. Jada egina da hori Euskal Autonomia Erkidegoan nahiz Nafarroan, eta oraintxe dator Iparraldearen orena”. Elkarlanaren helburuak ere aletu ditu, labur-labur: “Batetik, hitzarmen honekin euskal lanak sustatu nahi ditugu, eta, bestetik, euskararen presentzia indartu nahi dugu bizitza publikoan eta jendaurreko jardunean”.

Mathieu Bergek erakunde bien arteko aspaldiko lankidetza gogoratu du, bide batez etorkizuneko erronkak ere aipatu dituela: “Plazer bat da hitzarmen hau sinatzea, niretzat azkena izango dena, Euskal Elkargoarekin aldaketa handien garaian baikaude Ipar Euskal Herrian. Euskal Elkargoarekin aldaketak datoz, Herriko Etxeek euskararen eskumenak haren esku utzi ahal dituzte, baina, era berean, herriek mantendu behar dute euskararen aldeko ekimenak egiteko gaitasun hori”.

Hitzarmen-marko berri honek bi erakundeek elkar aditurik egin beharreko lanen nondik norakoak zehazten ditu, eta lankidetzaren ardatzak eta erakunde bakoitzaren betebeharrak finkatu. Horrez gain, aitortza ere badakar itun berriak, EEPk hizkuntza arauak ezartzearen ondorioetarako Akademia erakunde aholku-emaile ofizial bezala onartzen baitu, 2008tik egin izan duen moduan.

Ondorengo sei urteetan hauek izango dira partaidetzaren lan-lerro nagusiak (urtero-urtero, eranskin edo gehigarri batean zehaztuko direnak):

-Euskaltzaindiak Ipar Euskal Herriari dagozkion argitalpenak segurtatuko ditu, hala nola lurraldeko gaiak, idazle batzuen idazlan ala antologia batzuen argitaratzeak.
-Hizkuntza jarduera Proiektuaren Deialdian aurkeztutako argitalpen proiektuen hizkuntza kalitatearen azterketa egingo du Akademiak.
-Toponimoen grafia egokiari buruz EEPk ukaiten dituen galderak erantzungo ditu Akademiak.
-EEPk Euskaltzaindiak emaniko arauak beteko ditu eta Akademia Ipar Euskal Herriko gizarte-bizitzan indartu dadin eta honen lana ezagutarazteko ahaleginak egingo ditu.
-Era berean, EEP ahaleginduko da Euskaltzaindiak euskara batuaren alorrean egindako lana zabaltzen eta hedatzen, teknologiak eskaintzen dituen bide berriak erabiliz.

Aspaldiko elkarlana
2008ko urtarrilaren 24an izenpetu zuten Euskaltzaindiak eta Euskararen Erakunde Publikoak lehen hitzarmen-markoa, bi erakundeen arteko lankidetza garatzeko eta egituratzeko baliagarria izan zena. Bigarrena, 2014ko maiatzaren 20an sinatu zuten. Bestalde, eta urtero, hitzarmen orokorrari lotutako urteko gehigarri bat izenpetu izan da; azkena, 2016ko uztailean. Hitzarmen-marko horien jarraipenean eta azken urte hauetan burututako lanen balorazio baikorra egin ostean, indarrean den partaidetza egonkortzeko nahikaria berretsi dute bi partaideek 2017-2022 epealdirako. 

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh