• Jean-René Etchegaray Baionako auzapezak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dute estreinako dokumentua.
  • Zehatz-mehatz, hauek dira 2016. urtean hitzarmenak ahalbidetu dituen egitasmoak: Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren aurkezpena (bihar eginen da); Erlea literatura aldizkariaren aurkezpena; XXI. Jagon Jardunaldia; eta Euskaltzaindiaren Hiztegi berriaren aurkezpena (abenduaren 15ean egingo dena, Baionan bertan).
  • Honela, Baionako Herriko Etxeak onartzen dio Akademiari euskararen araugintzan eta normalizazioan egiten duen lana, erakunde gisa “erreferentziazkoa” dela aitortzen duen heinean.

    Andres Urrutia euskaltzainburua; Jean-René Etchegaray Baionako auzapeza; Xarles Videgain euskaltzainburuordea; Yves Ugalde, Baionako auzapezordea

    (Andres Urrutia euskaltzainburua; Jean-René Etchegaray Baionako auzapeza; Xarles Videgain euskaltzainburuordea; eta Yves Ugalde, Baionako auzapezordea)

    Andres Urrutia euskaltzainburua; Jean-René Etchegaray Baionako auzapeza; Xarles Videgain euskaltzainburuordea; Yves Ugalde, Baionako auzapezordea

Baionako Udalak eta Akademiak lankidetza-hitzarmen historikoa izenpetu dute, gaur, Baionako Herriko Etxean. Jean-René Etchegaray Baionako auzapezak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dute dokumentua.

Akordioan jasotzen den legez, 2016 honetan, Euskaltzaindiak ondoko lanak hartu ditu bere gain: Baionako Herriko Etxeari eta biztanleei laguntza eta aholku ematea, euskararen normalizazioan, garapenean eta gizarteratzean; Herriko Etxeak eskatzen dion hizkuntza aholkularitza ematea, bereziki toponimoen hizkuntza egokitasunari dagokionez; eta euskararen estatusari buruzko aholkularitza eta lanak egitea, bereziki jardunaldiak, bilkurak, aurkezpenak eta abar, euskararen aurrerapenerako xedea aintzat harturik.

Zehatz-mehatz, hauek dira 2016. urtean hitzarmenak ahalbidetu dituen egitasmoak: Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren aurkezpena (bihar eginen da); Erlea literatura aldizkariaren aurkezpena; XXI. Jagon Jardunaldia; eta Euskaltzaindiaren Hiztegi berriaren aurkezpena (abenduaren 15ean egingo dena, Baionan bertan).

Bere aldetik, Baionako Herriko Etxeak onartzen dio Akademiari euskararen araugintzan eta normalizazioan egiten duen lana, erakunde gisa “erreferentziazkoa” dela aitortzen duen heinean. Zentzu horretan, Jean-René Etchegaray Baionako auzapezak ondorengo hitzak esan ditu, gaurko agerpen publikoan: “Erakunde aholku emaile ofiziala da Euskaltzaindia. Bere gain hartzen du euskararen zaintzea eta sustatzea, hizkuntzaren normalizazioa eta batasuna indartzea, euskararen erabilera sustatzea eta bere eskubideak kontuan hartuak izan daitezen zaintzen du. 1976. urtetik ofizialki onartua da Espainian Errege Akademia gisa bai eta ere Euskal Herriko Autonomia Estatutuetan. 1901eko legezko elkartea da Frantzian eta Frantziako Estatuak onura publikoko erakunde izendatu zuen Euskaltzaindia 1995. urtean. Beraz, normala da Akademia eta Herriko Etxearen arteko elkarlana bideratzea".

Akordioari buruz esan du “euskararen sostengua” ziurtatzeko prest dagoela Baionako Herriko Etxea, eta ez bakarrik euskarari: “euskal kulturari eta okzitanierari lekua egingo diegu, hirian kultura aniztasuna bultzatuz”. Aipatu du, baita, urtarriletik aurrera sortuko den Euskal Elkargoak euskara bultzatzeko asmoa daukala, eta horretara bideratzen den aurrekontuak gora egingo duela, nabarmen (%7tik %25era, Etchegaray-k agindu duenez).

Euskararen estatusa zaindu

Gaurko hitzarmen historikoaren” garrantzia nabarmendu du Andres Urrutia euskaltzainburuak bere berbaldian, “Herriko Etxearen gogo eta nahiari esker egin dena”. “Aurrerantzean, garatuko ditugu hainbat ekintza eta ekitaldi Baionan, Hego eta Ipar Euskal Herria kontuan izanik, azken 100 urtetan egin dugun bezala. Jarraituko dugu lanean, guztion laguntzaz, hain zuzen, erakunde eta herri-eragileen sostenguarekin”, gaineratu du Urrutiak.

Xarles Videgain euskaltzainak ere hitz egin du, gaur, Baionako Herriko Etxean egin den prentsaurrekoan. “Aurrerantzean eta akordio honen bitartez, helburu jakin batzuk bete nahi ditugu: euskararen lanari ikusgarritasuna eman; Akademiaren Hiztegia, euskarazko literatura eta ahozkotasuna bultzatu Baionan; eta, bide batez, euskararen estatusa zaindu sortuko den Euskal Elkargoan, Baionako Herriko Etxearen laguntzaz”, adierazi du euskaltzainburuorde eta Ipar Euskal Herriko ordezkariak.

 

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh