• Donostia 2016k hizkuntza-aniztasunari buruzko programazio zabal batekin amaituko du urtea. Tartean, Euskaltzaindiak abenduaren 20an antolatuko duen jardunaldiarekin: 'Donostia eta Europako hizkuntzak perspektiba sozio-historikoan'. Otsailean publikatu zen ikerketa hau egiteko Euskararen Historia Sozialak sortu duen oinarri teoriko-metodologikoa aplikatu da; aplikazio praktiko hori eta bere emaitzak aurkeztuko dira mintegian.
  • Ostegunean aurkeztu ziren ekimen guztiak, Donostian, eta Akademiako idazkariordeak metodologia berriaren helburu nagusia zein den seinalatu zuen. "Aldi motz batean suziriak botatzea baino, ibilbide luzeagoa izango duen ekimena bideratzen saiatu gara, denon artean eraiki dugun ondarea hemengo zein nazioarteko ikertzaileei eta belaunaldiei eredugarri eta baliagarri gerta dakien", esan zuen Osak, Gipuzkoako hiriburuan.

    Erramun Osa, abenduaren 20ko mintegia aurkezten, Donostia 2016
    (Erramun Osa, abenduaren 20an izango den jardunaldia aurkezten)

Hizkuntzekin, aniztasunarekin eta hizkuntza-eskubideekin eta horiek elkarbizitzan jokatzen duten rolarekin lotutako hainbat proiektuk aberastuko du Donostia 2016 egitasmoaren abenduko programazioa. Honela, Europako Hizkuntza-aniztasunaren Foroa, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, Anjel Lertxundiren Karta zuria eta Euskaltzaindiak egin duen ikerketa soziolinguistikoaren emaitzen aurkezpena izango dira proiektu nabarmenenak.

"Donostia 2016 Fundazioak hasiera-hasieratik eman dio garrantzia hizkuntzak babestu eta aintzatesteari, bereziki Europakoak, elkarrenganako errespetuan oinarritutako gizarte justuago bateranzko bide gisa", azaldu zuten osteguneko agerpenean, Donostia 2016ko ordezkariek. "Kultura europarra ezaugarritzen duen hizkuntza-aniztasuna mantentzea, hizkuntza hegemonikoekin elkarbizitzan eta immigrazioak dakarren hizkuntza-aberastasuna txertatzen den bitartean, Europak aurrean daukan erronka handienetako bat da. Helburu hau betetzeko beharrezkoak dira aberastasun hori garatzea ahalbidetuko duten baldintzak sortzeko formulak abian jartzea, hizkuntza-aniztasunaren iraunkortasuna lortze aldera", gaineratu zuten prentsaurrekoan.

Honela, "euskara biziberritzeko sustapena ezaugarri duen lurralde honetan, Hiriburutzak hizkuntza gutxituen inguruan lan egiten duten eragileen sare batekin egin nahi izan du lan. Horretan guztian oinarrituz, DSS2016EUk Hiriburutza-urteari amaiera emango dio hizkuntza-aniztasuna lortzeko formula berriak legatu gisa utziko dituzten tresna batzuen aurkezpenarekin".

Tresna horietako bat Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa izango da; beste bat Europako Hizkuntza-aniztasunaren Foroa (UNESCO Etxearekin elkarlanean antolatutakoa); hirugarren bat Gutun zuria izango da (Anjel Lertxundi idazleak Donostian bilduko ditu hainbat idazle eta itzultzaile honako gaiaren inguruan hausnartzeko: hizkuntza gutxitu eta ez-hegemonikoetako literatura eta beronen etorkizuna, globalizazio kulturalaren eraginpean); eta, azkenik, Euskaltzaindiaren mintegiak zarratuko du txanda.

Honela, abenduaren 20an, azken 250 urteetan Donostiak izan duen bilakaera soziolinguistikoaren inguruko ikerketa lanaren emaitzak azalduko ditu Akademiak, bere Gipuzkoako ordezkaritzan. Ikerketa hau iragan otsailean aurkeztutako 'Euskararen historia soziala lantzeko eredu metodologiko' berrian oinarritzen da. Euskaraz gain, erdarek Donostian izan duten bilakaera eta tokia berariaz ikertu da.
Erramun Osa Euskaltzaindiko idazkariordeak ordezkatu zuen Akademia pasa den ostegunean egin zen aurkezpen zabalean. Osak metodologia berria aplikatzeko aukeratutako lehen hiriari buruz jardun zuen, hasieran: "Donostiak euskalgintza alorrean izan duen eraginagatik hautatu genuen".

Metodologia berriaren nondik norakoak ere azaldu zituen Osak: "Hizkuntza baten bilakaera eta egoera soziolinguistikoa aztertu ahal izateko, eredu metodologiko osatua aurkeztea izan genuen helburu. Eredu metodologiko honek euskararen bilakaera eta egoera aztertzeko, bai eta bestelako hizkuntzen bilakabideari begiratua emateko ere balio du. Horrexegatik, eredu metodologikoa euskaraz sortu, argitaratu eta aurkeztu bazen ere, etorkizunean bestelako hizkuntzetan ere eskainiko da".

DSS2016EUk eta Kutxa Fundazioak babestutako ikerketa horren emaitzak abenduaren 20an emango dira aditzera, Donostiako Luis Villasante Euskararen Ikergunean egingo den jardunaldian.

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh