Andres Urrutia notario, Zuzenbide irakasle eta euskaltzainburuak Bilboko Liburu Azokaren Urrezko Luma jaso du gaur, ekainaren 7an, Areatzan egindako ekitaldian. Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak eman dio saria; ondoren, honela esan du: "Euskara zabaltzeagatik lehen gure hizkuntza arrotza zen arlo batean, Zuzenbide arloan. Batez ere, horregatik ematen diogu Urrezko Luma".
Eurekin batera, Xabier Kintana euskaltzainak eta Asier Muniategi liburu azoken antolatzaileak parte hartu dute ekitaldian. Kintanak Andres Urrutiaren biografiaren zertzelada nagusiak eman ditu.
Euskaltzainburuak eskerrak eman eta "etxekoentzat eta euskalgintzan dihardutenentzat" gomuta izan du. "Notariook -esan du- luma bat erabiltzen dugu egunero. Luma hori euskaraz ere erabiltzen saiatu naiz ni".