1966. urtean legeztatu zen Lauro Ikastola, orduan Resurreccion Maria Azkue izena zuena. Orduko sortzaileak omendu dituzte gaur, otsailaren 23an, Bilboko Arte Ederren Museoan eginiko ekitaldian. Ondoren, Bilboko Elkano kalean 1966. urtean ikastola kokatu zen etxeko atarian plaka bat bistaratu dute.
"Izan zirelako gara, garelako izango dira" esaldia behin eta berriz entzun da gaurko omenaldia. Horrela esaten du omenduei eman zaien oroigarriak eta horrela jaso da ere oroimenezko plakan.
Lauro Ikastola izan zen euskaraz eta gaztelaniaz irakasteko Euskal Herrian legeztatu zen lehen ikastola.
Gaurko ekitaldian, Idoia Iruretagoiena zuzendari-gerenteak eta Itziar Laskurain presidenteak hartu dute hitza ikastolaren izenean. Erakundeak izan dituzte ondoan: Andres Urrutia euskaltzainburua, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara eta Kultura foru diputatua eta Arantza Aurrekoetxea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea. Guztiok adierazi diete esker ona egin zutenagatik.
Bestalde, Juan Mari Aburto alkateak iragarri duenez, Julita Berrojalbiz Lauro Ikastolaren sortzaile eta lehen zuzendari pedagogikoa izan zenaren izena jarriko zaio Bilboko kale bati. Hainbat herritarrez gain, Euskaltzaindiak eta Lauro Ikastolak ere proposamen hori egin zuten hilaren hasieran. Behin onartuta, orain Aita Remigio Vilariño kalea denak izen berri aizango du laster: Julita Berrojalbiz.
Omenaldian, oroigarri bana jaso dute ikastolaren sortzaileek, batetik, eta bertan izan diren erakundeek, bestetik. Ondoren, Museotik Elkano kaleko 6. zenbakira joan dira eta plaka bistaratu dute. Lauro Ikastolaren eta Euskaltzaindiaren ikurrak ditu eta honela dio: "Hemen kokatu zen 1966an R.M. Azkue Ikastola, gaur Lauro Ikastola dena, familien ekimenez eta Euskaltzaindiaren babesarekin, euskaraz irakasteko legeztatu zen lehena. Izan zirelako gara, garelako izango dira. 2016ko otsailaren 23an".