Euskaltzaindiak zaintzen dituen artxibo-funtsen katalogoa guztion eskura jarriko du. Katalogo horretan hiru motako funtsak biltzen dira: erakundearen beraren administrazio artxiboa (1919-1970); hainbat euskaltzain edo euskaltzaleren artxibo pribatuen funtsak; eta ikus-entzunezko artxiboaren funtsak. Horren aurkezpena datorren ostiralean, azaroaren 27an, egingo da, goizeko 11:30ean, Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria, 15, Bilbo).
Akademiaren funtsak Azkue Biblioteka eta Artxiboan zaintzen eta kudeatzen dira. Orain arte, Akademiaren webgunean katalogo bakarra zegoen kontsultagai: Azkue Bibliotekaren Katalogoa, hots, Euskaltzaindiaren bibliotekaren liburu eta aldizkarien katalogoa. Hemendik aurrera, aldiz, Akademiaren Artxiboaren Katalogoa ere ikusi ahal izango da.
Aurkezpena Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Pruden Gartzia Azkue Biblioteka eta Artxiboko zuzendariak egingo dute.