Urepeleko herria, Xalbadorren maitaleak eta hainbat bertsozale prest dira berriro ere, urtero bezalaxe, asteburu bikain bat ospatzeko, urriaren 10 eta 11n.
Eta ospatuko dugu bertso eta kantu, hitzaldi eta erromeria, maisu handiaren lemapean:
Anai-arrebak, entzun ene aho-otsa:
izaite bat ez daike hezur hutsez osa.
Herria da gorputza, hizkuntza bihotza;
bertzetik berextean bitarik bakotxa,
izaite horrendako segurra hil hotza.
Aurten, Ximun Ibarra Zubikoa (Sunbilla, 1905 – Banka, 1979) eta Juan Joxe Eizmendi Errexil (Errezil, 1971 – Urruña, 1965) bertsolariak goratuko dira bereziki. Biak ala biak Hegoaldetik Iparraldera gerraren ihesi joanak, eta maite-maiteak lurralde honetako bertsozaleen artean. Xalbadorrekin batean hainbat bertso saiotan izanak bere garaian; eta 1946tik aurrera Teodoro Hernandorena zenak mugaren bestaldean antolatu zituen txapelketa askotan parte hartu zutenak, hasi Donibane Lohizunetik eta Baigorrira.
Urriaren 10ean, larunbatean hasiko da euskal festa, Zuberoako Kalakan taldearen kantaldi eder batekin, Urepeleko elizan, arratsaldeko zazpietan. Ondoren, bederatzietan, lagun arteko afaria izango da, aldez aurretik izenak eman dituztenentzat, Xendarineko ahizpak kantari direla tartean.
Urriaren 11n, igandea, egun bete-betea: Goizeko bederatzietan hasiko den mendi ibilaldiaren ondoren, 10:30ean meza izango da, Xalbador eta Leoni, Zubikoa eta Errexil, eta aurtengo udan hil zen Emile Larre, eta beste bertsolari eta bertsolarien lagun asko gogoratuz.
11:15ean Zubikoa eta Errexil bertsolariei buruzko hitzaldi-mahai ingurua; eta 11:30ean Bizkaiko Salatzaile dantza taldearen emanaldia, eta herri kirolak, Mutriku eta Donazaharreko taldeekin.
Ordu bietako bazkari garaian Zuberoako kantarien saioa izango da; eta ondoren, beti bezala, bertsolariak: Amets Arzallus, Sebastian Lizaso, Juan Joxe Eizmendi eta Jose Luis Gorrotxategi.
Aldi berean, haurren txokoa: aurpegi pintaketa tailerrak, hiru eta erdietan hasita, Urepelen bilduko diren neska eta mutikoak asper ez daitezen.
Erromeriarekin amaituko da festa aurten ere.
Kanpin zerbitzua nahi izanez gero, edota urriaren 10eko afarirako, nahiz igandeko bazkarirako, izenak emateko, dei 0033624332995 telefono zenbakira.
Aurtengo laguntzaile ere Bizkaiko Foru Aldundia, Urepeleko Herriko Etxea, Euskaltzaindia eta Euskal Irrati Telebista izango dira. Eta, batez ere, urtero-urtero festa honetan biltzen diren bertso eta euskaltzaleak.
Honenbestez, denok anima nahi zaituztegu urriko bigarren asteburuan Urepelen bil gaitezen.