Suzuko “Ainhoa” Tamura ohorezko euskaltzain japoniarra 2015eko abuztuaren 3an hil da, Sho Hagio euskaltzale japoniarrak jakinarazi duenez.
Aichi prefeturan (Japonia) jaio zen 1934ko urtarrilaren 2an. Hizkuntzalaritzan lizentziaduna (Tokioko Unibertsitatea-Tōdai) zen eta Waseda Unibertsitateko irakasle emeritua.
Euskaltzain urgazle izendatua izan zen 1996ko martxoaren 29an eta ohorezko euskaltzain egin zuten 2000ko urriaren 27an.
Euskararen, japonieraren edota ainueraren gramatika eta bereziki hitz ordena ikertu zituen. Bere artikuluak Euskaltzaindiaren Piarres Lafitteri omenaldia (1983) liburuan edota Euskera agerkarian (1985) irakurri daitezke.
Japoniako Hokkaido uharteko ainu etniaren hizkuntza isolatuan aditua zen eta hainbat liburu argitaratu zituen gai horretaz: Ainu-go SARU Hôgen Jiten [japonieraz] (1996),The Ainu language [ingelesez] (2000) edota Ainu-go no Sekai [japonieraz] (2013).