Inprimatu zen euskarazko lehen liburua, Bernard Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae eta Erlea aldizkariaren azken bi zenbakiak, pertsona itsuentzat edota ikusmen urritasunak dituzten pertsonentzat egokituta. Horiek dira Euskaltzaindiak eta ONCEk iaz sinatu zuten hitzarmenaren lehen emaitzak eta gaur, ekainaren 24an, aurkeztu dute Bilbon, Akademiaren egoitzan.
Ekitaldiaren amaieran, Etxeparek 1545ean idatzitako hitzei ahotsa jarri die Ander Cornejo mutil itsuak: "Euskara, jalgi hadi kanpora". Lehenbiziko aldiz, Braille alfabetotik mundura atera dira hitzok. Andres Urrutiak honela laburbildu du unea: "Nik uste dut ahalik eta modurik egokienean, bete dela Etxeparek agindu ziguna, hau da, euskara mundura, plazara eramateko".
Aipatu lanok bi euskarritan eskaintzen dituzte: Braille alfabetoan eta audio bidezko Daisy sisteman. Horiek dira, hain zuzen ere, itsuek edo ikusmen urritasuna duten pertsonek liburuak irakurtzeko dituzten bi moduak.
Andres Urrutiarekin batera, Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkariak, Basilio San Gabriel ONCEko lurralde-ordezkariak eta Iñigo Arbiza Komunikazio buruak egin dute aurkezpena. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea ere bertan izan da. Izan ere, Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak Linguae Vasconum Primitiae liburuaren bi edizio kaleratu dituzte, lankidetzan. Horren ondorioz, euskaraz gain, hamaika hizkuntzatan irakur daiteke: gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, alemanez, italieraz, katalanez, galizieraz, errumanieraz, arabieraz, kitxuaz eta txineraz. "Orain -esan du Tejeriak- itsuek zuzenean irakurri ahal izango dute liburua, eta hori benetan berri pozgarria da". Gaineratu duenez, liburuak "ohorezko lekua" hartuko du Legebiltzarreko Bibliotekan.
“1545ean argitaratua -esan du Xabier Kintana liburuaren hitzaurregileak- mundu osoko mintzaira askotara itzulia izan da, baina oraingoan pertsona itsuentzako edizio berezia atera da ONCE erakundearen eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenari esker. Horrela -gaineratu du- Bernard Etxepare gure lehenbiziko euskal idazle ezagunaren idazlana, giza talde garrantzitsu baina zoritxarrez maizegi bidegabeki ahaztuxe honengana zuzenik helduko da”.
Esan bezala, aurkezpenean Andres Cornejo izan da eta, Linguae Vasconum Primitiae liburuaren zati bat irakurtzeaz gain, Daisy sistema zelan erabiltzen den ere erakutsi du.
Euskal literatura zabaltzeko hitzarmena
2014ko azaroan, Euskaltzaindiak eta ONCEk lau urteko iraupena duen lankidetza-hitzarmena sinatu zuten. Helburua Euskaltzaindiko katalogoetako obra batzuk Braille sistemara edota itsuek soilik erabiliko dituzten beste formatu batzuetara egokitzea zen. Emaitza ikusita, eskerrak eman ditu euskaltzainburuak eta Akademia etorkizunerako konpromisoa hartuta dagoela adierazi du, "liburu berriak ateratzen jarraituko dugulako".
Basilio San Gabriel eta Iñigo Arbiza ONCEko ordezkariek, erakunde horrek eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak duten hitzarmena ere aipatu dute gaurko agerraldian. Horren ondorioz, ONCEk 55 liburu egokitzen ditu urtean, bai Braille alfabetora, bai eta Daisy sistemara ere. ONCEko ordezkarien esanetan, “honi esker ONCEko afiliatuek euskaraz idatzitako liburuen inguruan egiten duten eskariari erantzuna ematen dio erakundeak”.
Adierazi dutenez, itsuek eta ikusmen urritasunak dituzten pertsonak kulturara hurreratzea da xedea, “eta lan honi esker, ONCEk bermatzen du euskaraz ere hurreratu ahal izango dutela”. Kulturak, eta euskal kultura eskura izateak, gaineratu dute, “normalizazioa dakarrelako”.
Hala, bada, ikusmen desgaituentzat egokitutako liburuen artean, euskarazkoen aukera handitzea da, eta horretara dator Euskaltzaindiarekin sinatu den hitzarmena. Liburu horiek jasotzeko, mailegu-zerbitzuaz gain, ONCEko afiliatuek badute beste aukera, erakundearen webgunearen bidez: bertan, euren pasahitza sartuz gero, euren gailutara nahi duten izenburuak jaitsi ahalgo dituzte.
Gaur aipatu dutenez, udazkenean Akademiaren eta ONCEren ordezkariek bilera egingo dute, erabatzeko zeintzuk izango diren Braille alfabetora eta Daisy sistemara egokituko dituzten hurrengo liburuak.
Etxepare eta Erlea aldizkaria
Erlea aldizkariaren 7. zenbakiak, besteren artean, erbestea eta loreak, hutsuneak eta antologiak, ditu protagonista. Atxagaren hitzetan, "oso ale trinkoa da". 8. zenbakiak, aldiz, Iparraldeko sortzaileak, Bigarren Mundu Gerra, Nafarroako egileak, erleak edota autore berri-berriak ekarri dizkigu esku artera.
Bestalde, Linguae Vasconum Primitiae liburuaren edizio honetako hitzaurrea, esan bezala, Xabier Kintanak egin du. Aukeraz baliaturik, liburuaren aurkezpenean, Louis Braille, itsuentzako erliebezko puntuekin irakurtzeko sistema modernoa asmatu zuenaren bizitza interesgarri bezain harrigarria azaldu du laburki, haren izena eta oroitzapenaren omenez.
Ondoren, euskarari buruzko oinarrizko datuak ematen ditu, munduko eta Europako beste hizkuntzen artean beraren tipologia berezia nolakoa den eta inguruko mintzairekin izan dituen harremanak argituz, euskalaritzan egin diren aurrerapauso eta aurkikuntza nabarmenak gogoan izanda.
Azkenik, Etxepareren bizitzaz eta beraren liburuaz datu nagusiak jaso ditu Kintanak: orduko giro errenazentista, nolako bertsoak landu zituen, nolako gaiak zerabiltzan, eta bere obrak bere garaitik hona izandako oihartzuna, besteak beste.