Gaur, otsailaren 27an, Gasteizen, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa-ren VI. liburukia aurkeztu du Euskaltzaindiak. Aurrekoak bezala, EHHA-ren liburuki berria Laboral Kutxaren babesarekin argitaratu du Akademiak. Seigarren liburukiak aditz morfologia lantzen du, gehien erabiltzen diren aditzaren forma jokatuak aztertzen ditu. Liburuarekin batera, edukia PDF formatuan jasotzen duen CD-ROM bat kaleratzen da.
Aurkezpena honako hauek egin dute: Andres Urrutia euskaltzainburuak; Xabier Egibar Euskadiko Kutxako Negozio Garapenaren Areako zuzendariak; Adolfo Arejita EHHA-ren zuzendari akademikoak eta Xarles Videgain EHHA-ren arduradun teknikoak. Aurreko bost liburukiak aurkeztean egin zuten bezala, Guztiok EHHA egitasmoaren emaitzak jendearen eskura jartzeak duen garrantzia azpimarratu dute.
Hala azpimarratu du Andres Urrutiak. “Aurrera goaz -esan du- zeren eta honelako egitasmo bat bene-benetan egitasmo nazionala da Euskal Herri honentzat. Atlasak euskararen kolore eta soinu guztiak hartzen ditu, guztiok gaude ordezkaturik Atlas honetan”.
Gainerako hizlariak ere pozik agertu dira. Xabier Egibarren esanetan, Atlasa “ezinbesteko proiektua da euskararentzat”. Eskerrak eman dizkie proiektuan parte hartzen eta hartu duten guztiei eta bereziki gogoan izan du Jean Haritschelar zena, EHHAren lehen zuzendari akademikoa izan zena.
Adolfo Arejitaren hitzetan, “altxor aberats batek, ugaria izanagatik, baldin ez bada ondo sailkatzen eta erabilgarri jartzen, armiarma eta hauts artean estalirik geratzeko arriskua du. Euskaltzaindiak ahalegin handi bat egin du, gure herri erakundeen babesari esker, ondare hori gizartearen zerbitzutan jartzeko. Gaur aurkezten dugun VI. liburukia da horren adierazgarri ona. Euskaltzaindiaren webgunean, paperezko euskarri astun honetan baina erosoago kontsultatu ahal izango duzuena. Soinuen bertsioa ere badu, urratsez urrats entzungarri jartzen goazena”.
Ondoren, Xarles Videgainek seigarren liburukiare eduki batzuk aurkeztu ditu.
Esan bezala, liburuak aditzaren morfologia landu du. Aditz nagusiak, laguntzaile direnak, dira batez ere aztergai liburuki honetan. Hala, izan eta *edin aditz laguntzaileak; *edun eta *ezan aditz laguntzaileak; aditz trinkoak; eta aditz alokutiboak. Adolfo Arejita zuzendari akademikoak azpimarratu bezala, “tradizio idatziarekin konparazioak egitera gonbidatzen gaituzte liburukiko emaitza batzuek. Izan ere, tradizio idatziko aditz morfologiak, dialektoetan erabili izan denak ere, egungo hizkeretan entzuten denarekin baditu kidetasunak puntu batzuetan, baina diferentzia garbiak ere bai beste anitzetan”.
Atlasaren VI. liburukiak 259 galderaren erantzunak biltzen ditu.
2010ean kaleratu zen lehen liburukia
2010eko apirilean EHHAren I. eta II. liburukiak aurkeztu ziren. Lehen liburukiak 268 galderaren erantzunak eskaintzen ditu, gai hauei buruz: intsektuak, itsas arrainak, ibai arrainak eta ibai arrantzako tresnak, narrastiak eta urpekoak, txoriak, basa animaliak eta ehizako arteak, eguzkia eta zerua, eguraldia, elurra eta hotza.
Bigarren liburukian aztertu eta landu ziren esparruak hiru dira: denbora kronologikoa, topografia eta landaretzaren lehen atala. Denborarenean, esaterako: astearen egunak, hileak, urte sasoiak eta urteak, eta euretariko bakoitzaren parteak landu dira; baita oraingo, lehengo eta geroko denbora-unitateak ere.
Hirugarren liburukian (2011n argitaratua) tradizioko bizimodu eta ingurumenaren inguruko gai edo kontzeptuak landu ziren: batetik, lurra, euskal gizakia bizi den lurra; lur horretan erne diren belar, landare, zuhaixka eta zuhaitzak; lurrak berez edo gizakiaren eraginez ematen dituen uztak; eta bestetik, euskal gizakiarekin belaunez belaun bizikidetza estuan bizi izan diren animaliak, euren parte esanguratsuak eta euren inguruko prozesuak.
Laugarren liburukian (2012) kontzeptu ugari bildu eta landu ziren, eremu biren inguruan: etxe-abereak eta etxea bera. Hala, liburukiaren lehen partea hainbat etxe-abereri eskainia dago (txerriak, hegaztiak, txakurrak, erleak) eta bigarren partea, batez ere, etxearen esparruari dagokio.
Bosgarren liburukiak (2013) izenaren morfologia landu zuen. Parterik handiena deklinabideak hartu zuen.
Taldea
1984an abian jarri zen egitasmo honen buruak hauek izan dira: Jean Haritschelhar, Beñat Oihartzabal, Andolin Eguzkitza eta Adolfo Arejita, gaur egungo zuzendaria dena.
Bestalde, Gotzon Aurrekoetxea eta Xarles Videgain dira egitasmoaren arduradun teknikoak. Aritz Abaroa, Gorka Intxaurbe eta Amaia Jauregizar dira teknikariak.
Hauetaz gain, inkestak egiten eta transkribatzen, mapak lantzen eta informatizatze lanetan hauek ibili dira urte hauetan guztietan: Isaak Atutxa, Iñaki Camino, Ana María Etxaide, Jose Maria Etxebarria, Izaskun Etxebeste, Aitor Iglesias, Jon Irigoras, Juan Antonio Letamendia, Juantxu Rekalde eta Koro Segurola.
Kontsultak
EHHAren emaitzak bi modutan kontsulta daitezke: soinuzko datuen kontsultaren bidez eta datu transkribatuen kontsultaren bidez.
- Soinuzko datuen kontsulta. Azkue Bibliotekan ikertzaileen esku dira CD-ROMak (4.000 ordu baino gehiago dutenak).
- Datu transkribatuen kontsulta. Kontsulta hau nork bere etxean egin ahal du bi molde desberdinetan: liburu batean edo CD-ROM batean. Liburuan irakurleak galdera bakoitzeko bildu erantzunak aurkituko ditu, fonetikoki idatziak eta herrialdeka eta herrika zerrendetan aurkeztuak, ondoan dagozkien interpretazio kartografiko bat daukatela.
Gero, liburuarekin batera zabaltzen den CD-ROMean kausituko ditu, batetik, paperezko argitalpenaren datuak, eta bestetik, sartu ahal izan ez zen bestelako informazio guztia ere, hizkuntzazkoa edo etnolinguistikoa.
Bestalde, esan bezala, sarean ere badaude lehenengo lau liburukien edukiak.
Comments
Oso berri ona da lehenengo lau liburukiak sarean egotea. Benetan eskertzekoa dela.
Erregu bat, PDFaz gain, testu moduan (edo XMLez) publikatuko bazenituzke datuok ikertzaileok datuak askozaz hobeto erabili ahal izango genituzke. Garatutako datubaseetatik zuzenean CSV edo XMLez esportatu, alegia.
Zorionak berriro!