Jon Kortazarren Literatura vasca. Siglo XX liburuak 25 urte bete ditu. Urteurren horren harira, Mungiako Udalak idazle, irakasle eta euskaltzain urgazlearen lana eta ibilbidearen inguruko erakusketa antolatu du, herriko Alkartasuna Aretoan. Martxoaren 4ra arte egongo da zabalik.
Erakusketaren osagarri, gaur, otsailaren 26an, "Euskal Literatura: atzo, gaur... bihar" izenburuko mahai-ingurua egingo da leku berean, iluntzeko 19:00etan. Xabier Etxaniz EHUko Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Kirmen Uribe idazleak eta Jon Kortazarrek berak parte hartuko dute.
1990ean ikusi zuen argia Jon Kortazarren Literatura Vasca. Siglo XX liburuak eta hamar urte geroago, 2000n, edizio zabalago eta eguneratuagoa publikatu zuen, euskaraz, XX. mendeko euskal literatura izenarekin. Ondoren bost edizio gehiago izan ditu liburuak.
Erakusketan, liburuaren sei edizioen aleak erakusten dira. Era berean, liburu hori ardatz harturik, Jon Kortazarren lanaren beste alderdi batzuk izango dira ikusgai, bestak beste: lanak izan zituen kritikak, beste liburu batzuen aipamenak, itzulpenak, edota idazleak irabazitako Rosalía de Castro eta Lauaxeta Sarien ikurrak.
Lauaxetari buruz egindako ikerketek eta argitalpenek, eta argazkiek eta oroigarriek ere osatzen dute erakusketa. Bestalde, Lauaxeta filma eta zenbait bideo izango dira ikusgai.
Erakusketaren ordutegia: 18:30 - 20:30.