"Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura-geolinguistikoa" liburuaren aurkezpena
Bihar, apirilaren 10ean, Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura-geolinguistikoa liburua aurkeztuko da Iruñean, Euskarabidearen egoitzan, 12:10ean. Liburuaren egilea Amaia Apalauza da, eta Akademia eta Nafarroako Gobernuaren artean sustatutako "Mendaur" bildumaren 10. zenbakia da.
Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura-geolinguistikoa izeneko lana, 2011n, Apalauzak aurkeztu zuen doktore tesiaren emaitza da. Lana euskal hizkuntzalaritzaren esparruan kokatzen da, dialektologian, zehazki. Nafarroako ipar-mendebaleko lau ibarretako euskara bildu eta aztertu du: Imotz, Basaburu Nagusia, Larraun eta Araitz-Betelu. Oraindik ere eremu aski ezezaguna da euskal dialektologian eta nabarmena da Larraun eta Araitz-Betelu ia aztertu gabe egon direla orain arteko euskal dialektologiako lanetan. Tesiaren zuzendaria Iñaki Camino da.
Ekitaldi berean, liburua aurkeztu baino lehen, sinatuko da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskarabidearen eta Euskaltzaindiaren arteko Lankidetza Hitzarmena.