Euskaltzaindiaren Euskera agerkariak izaera bikoitza du: alde batetik, erakundearen lan eta bizitza akademikoaren berri ematen du; eta bestetik, Akademiaren lan-esparruetako ikerketa-artikuluak, liburu-aipamenak eta bestelakoak biltzen ditu. 2010ean eraberritu egin zen, eta ikerketa aldizkari batek izan behar dituen baldintzak bete zituen; horren ondorioz, Latindex izeneko katalogoan sartu zen.
Horiek horrela, nazioarte mailan esanguratsuak diren datu-baseetan Euskera agerkaria kontsultatu ahal izateko ahaleginak egiten ari da Akademia. Orain, ISOC-eko datu basean Euskera agerkariari C kategoria eman zaio eta bertan argitaratzen diren ikerketa artikuluak, Hizkuntza eta Literatura sailean indizatzea onartu da. Kategoria esleitu ahal izateko gutxienezko kalitate irizpide batzuk bete behar dira.
2011. urte hasieran, hauek dira ISOC-eko datu baseak eskaintzen dituen emaitzak:
- 2.569 aldizkariren informazioa (gaur egun 1.213 titulu kategorizatuta)
- 619.530 erreferentzia bibliografiko
- 301.518 erregistro, egileen afiliazio instituzionalarekin
- 199.560 erregistro, egileen laburpenarekin
- 91.087 artikuluri sarrera librea
Gaur egun Euskera agerkariaren 100 artikuluren erreferentzia ematen da, tartean 2009an, ikerketa artikulu gisa argitaraturiko guztiak.