Elgoibarko toponimia finkatzeko lankidetzan arituko dira Udala eta Euskaltzaindia
Elgoibarko Udalak Gotzon Garate zenaren izena daraman bekaren lehen deialdia aurkeztu zuen atzo, ekainaren 30ean, Elgoibarko Udaletxean. Elgoibarko toponimia bildu, sailkatu, kokatu, aztertu eta finkatzea izango da deialdi horren helburua. Toponimia-ikerketa hori gauzatzeko Euskaltzaindiaren laguntza izango du Elgoibarko Udalak, eta xede horrekin sinatu zuten lankidetza-hitzarmena atzo Alfredo Etxeberria alkateak eta Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkariak.
Alfredo Etxeberria eta Xabier Kintanarekin batera, Jon Peli Uriguen Euskara zinegotzia eta Roman Garate, Gotzon Garateren anaia, izan ziren mahaian. Gainera, aurkezpenean Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko idazkaria izan zen, baita Gotzon Garate idazle eta ikerlari elgoibartarraren beste senide batzuk ere.
Beka jasotzen duen pertsonak 14 hilabeteko epea izango du ikerketa egiteko, beti ere Euskaltzaindiaren gidaritzapean. Eskaerak aurkezteko epea 2009ko irailaren 1etik 30era arte egongo da irekita. Bekaren oinarriak Elgoibarko Udalaren webgunean irakur daitezke.