Joan Mari Torrealdai

14. aulkia

 

Aurreko euskaltzaina: Emile Larre
Ondoko euskaltzaina: Miriam Urkia

 

Euskaltzain osoa

Foruan (Bizkaia) jaio zen, 1942ko azaroaren 24an.
Usurbilen (Gipuzkoa) hil zen 2020ko uztailaren 31n

Teologian eta Informazio Zientzietan lizentziaduna, Zientzia Politiko eta Soziologian doktorea, eta Jakin Fundazioaren burua izan zen.

Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1975eko ekainaren 27an eta euskaltzain oso 2007ko azaroaren 30ean.

Euskaltzain emeritua izan zen 2017ko azaroaren 24tik zendu arte.

«Bibliografiatik bibliotekara, esperantzari leihoa» izeneko sarrera-hitzaldia irakurri zuen Foruan, 2009ko urriaren 31n.


Oinarrizko ikasketak Foruan, Oñatiko Arantzazun (1954-1959, 1963-1967) eta Erriberrin (1960-1963) egin zituen frantziskotarrekin. Zarauzko Lanbide Eskolan urtebetez irakasle izan ondoren, Teologiako lizentzia Tolosako Institutu Katolikoan egin zuen (1972), eta Soziologiako lizentzia, aldiz, Parisko Institutu Katolikoaren Gizarte Zientzien Institutuan (1975).

Orobat, Euskal Herriko Unibertsitatean Informazio Zientzietan lizentzia burutu zuen 1985ean, euskaraz egindako lehen lizentzia txostenarekin. 1991n doktoregoa eskuratu zuen Zientzia Politikoetan eta Soziologian, 1936-1983 urteen bitarteko zentsura frankistaz egindako tesiarekin, Deustuko Unibertsitatean Carmelo Garitaonaindiaren zuzendaritzapean.

1958an hasi zen euskaraz idazten eta, 1960az geroztik, frantziskotarren Jakin kultur taldeko zuzendaritzan jardun zuen. Zuzendari gisa, Jakin (1967-1969) eta Anaitasuna (1974-1977) aldizkariak garai berrietara egokitu zituen.

Jakin aldizkaria, 1969an Espainiako Gobernuak debekatu ostean, 1977an berriz abiatu zen. Urte horretatik 2014ra arte aldizkariaren zuzendaria izan zen. 1990ean Frantziskotar Ordena uzteaz batera, Jakin kultur taldea (Joseba Intxausti, Paulo Agirrebaltzategi, Joxe Azurmendi eta Joan Mari Torrealdai) beregain bilakatu zen. 2006an aldizkariaren 50. urteurrena ospatu zuten eta hamabi urte beranduago, 2014ean, 200. zenbakiaren ospakizun-ekitaldia egin zuten.

1960ko hamarkadan, Rikardo Arregirekin batera, herriz herri alfabetatze-hitzaldiak eta -ikastaroak eman zituen; gero AEK izango zenaren ernamuina zen hura.

Euskal Idazleen Elkarteko (1969-1970) eta Soziologoen Euskal Elkarteko (1979-1980) idazkaria ere izan zen.

Deustuko Unibertsitatean Soziologia irakasle izan zen bi alditan (1976-1978 eta 1991-1993 urteetan). Eskolak eman zituen, halaber, EHUn eta Mondragon Unibertsitatean (1998-1999). Elkar argitaletxearen sortzaileetariko bat (1977), Euskalgintza Elkarlanean Fundazioaren patronatuko kide (2006), eta PuntuEus Fundazioaren lehen buru (2012-2017) izan zen. Orobat, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordean aritu zen hainbat urtez.

Euskal liburugintza, bibliografia eta zentsura izan zituen ikerketagai nagusi. XX. eta XXI. mendeetako euskal liburugintzaren azterketa eta katalogatzea burutu zuen.

Euskaltzaindian, Bergarako Biltzarrerako (1978) prestatutako txostenaz gain, 2009tik bereziki Azkue Bibliotekaren eta argitalpenen arloan lan egin zuen. 2011n Jose Antonio Arana euskaltzaina hil zenetik eta 2017ra arte bibliotekari akademikoa izan zen, eta ordutik aurrera ohorezko bibliotekaria.

Egunkaria Sortzen taldeko arduradunetako bat izan ondoren, Euskaldunon Egunkariaren kontseilu editorialeko buru (1990-2000) eta administrazio kontseiluko kide (1990-2000) izen zen, eta ondoren buru ere bai (2000-2003), Martin Ugalde eta beste askorekin elkarlanean.

2003an, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Euskaldunon Egunkaria itxi ondoren, espetxeratu eta auziperatu egin zuten Joan Mari Torrealdai, ustez ETAri laguntzeagatik. Berehala itxieraren eta tratu txarren aurkako elkarretaratzeak izan ziren, ugari eta jendetsuak. Zazpigarren urtera, 2010ean, Auzitegi Nazionalak behin betiko absoluzioa eman zien bost auziperatuoi: Iñaki Uria, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendiri.

Hainbat euskaltzainen argitalpenak prestatu zituen: Rikardo Arregi, Karlos Santamaria, Martin Ugalde, Luis Villasante eta abarrenak. Euskaltzaindiaren Euskera agerkariko aholku-batzordeko kide (2009) izateaz gain, beste agerkari askotan ere argitaratu zituen artikuluak: Zeruko Argia, Comun, Egan, Elgar, Arantzazu, Guipúzcoa, Jaunaren Deia, Argia, RIEV eta abarretan.

Sari eta omenaldi asko jaso zuen: Gerediaga Elkartearen Kirikiño Saria (1972) eta Tontorra Saria (1977); Gipuzkoako Liburudenden Elkartearen Zilarrezko Euskadi Saria (1997, 1998); Kutxa Fundazioaren Irun Hiria Literatur Saria (1998); Foruko Udalaren Kultur Etxeak haren izena darama (1999); Euskal PEN Klubaren Idazluma (2005); Andoaingo Udalaren Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren Ohorezko Aipamena (2007); EEE, EIE, EIEP, EIZIE eta Galtzagorri elkarteen Dabilen Elea Saria (2009); Bizkaiko Foru Aldundiaren Lauaxeta Saria (2010); Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria (2015); Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen omenaldia jaso zuen Kilometroak festan (Usurbil, 2015); «Zentsura eta literatura» EHUk antolatutako nazioarteko biltzarrean omendua izan zen (2018); Bilboko Liburu Azokaren Urrezko Luma (2018); Gipuzkoako Aldundiaren Urrezko Domina, Jakin kultur taldeko P. Agirrebaltzategi, J. Azurmendi eta J. Intxaustirekin batera (2018), eta abar.

Edizioak

1972, Herriaren lekuko / Rikardo Arregi (Editorial Franciscana Aranzazu).

2003, Idazlan politikoak / Martin Ugalde (s.n.).

Saiakerak

1973, Iraultzaz (Jakin).

Liburugintza, artxiboak eta hedabideak

1977, Euskal idazleak, gaur : historia social de la lengua y literatura vascas (Jakin).

1985, Euskal Telebista eta euskara (Elkar).

1993-2001, XX. mendeko euskal liburuen katalogoa (Gipuzkoako Foru Aldundia).

1997, Euskal kultura gaur : liburuaren mundua (Jakin).

2007, 30 urte liburugintzan : 1976-2005 (Jakin).

2011, Lazkaoko Beneditarren dokumentazio-gunea : Juan Jose Agirreren artxiboa (Lazkaoko Beneditarren Fundazioa).

Historia eta biografia

1998, El libro negro del euskera (Ttarttalo).

1998, Martin Ugalde : Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena (Jakin : Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa).

2003, Martin Ugalde : (1921- ) (Eusko Jaurlaritza).

2004, Imanol Murua : Gipuzkoako alkate (Alkartasuna Fundazioa).

2009, Euskaltzaindia : ekin eta jarrai [elkarlanean] (Euskaltzaindia). PDF

2016, Joan Mari Torrealdai (Eusko Ikaskuntza). PDF

2018, Asedio al euskera (Txertoa).

Zentsura

1998, La censura de Franco y los escritores vascos del 98 (Ttarttalo).

1999, La censura de Franco y el tema vasco (Fundación Kutxa).

2000, Artaziak : euskal liburuak eta Francoren zentsura 1936-1983 (Susa).

2019, De la hoguera al lápiz rojo (Txertoa).

Euskera agerkarian

1972, "Rikardo Arregui Aramburu (1942-1969)" [hilberri-txostena]. PDF

1978-1979, "1967-1977 : liburuak eta batasuna". PDF

2004, "Martin Ugalderen bizitzan zehar : (1921-2004)" [hilberri-txostena]. PDF

2009, "Bibliografiatik bibliotekara : esperantzari lehioa" [sarrera-hitzaldia]. PDF

2011, "Jose Antonio Arana (1931-2011) bibliografoa" [hilberri-txostena]. PDF 

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper