Joan den larunbatean, apirilaren 25ean, Onomastika batzordeko idazkaria Barrundiako Deredia herrira hurbildu zen herriaren izenari buruzko hitzaldia ematera.
2013an Mikel Gorrotxategik egindako ikerketa batek argi erakutsi zuen herriaren jatorrizko izena, euskaraz ere biltzen zena, Deredia zela, eta ez Heredia. Horren lekukotza ugari dago, bai dokumentazio historikoan, baita toponimian ere.
Herriaren lehenengo testigantza 1024koa da eta Deredia moduan ageri da. Gaur egun ofiziala den Heredia XVI. mendean agertu zen.
Inguruko udal dokumentazioan oso ugariak dira Derediaren lekukotasunak; Barrundian bertan, 100 alditan baino gehiagotan ageri da. Toponimiak ere ematen du horren lekukotza: Derediazabala izena dago herrian bertan, Derediabidea Narbaxan eta Derediola Elgeamendin.
Horretaz gain, Lazarragaren lekukotza dugu, bere liburua ezagunean ondokoa baitakar: "D'Erediako galea dator / ponpa handiaz beterik; /oi, hainbat dira ederrak /eze ni nago admiradurik".
Ikerketa egin zen arte, Deredia izena ez zen kontuan hartu. Aldaketa handia zenez, Onomastika batzordeak bertaratzea erabaki zuen, derediatarrek horren berri zehatza izan eta galderak egiteko aukera izan zezaten.
Mikel Gorrotxategik hitzaldian erabilitako materiala (PDF, 436,3 KB)