Plazaberri

Ipar Euskal Herrian euskararen presentzia areagotzeko hitzarmena sinatu dute EEPk eta Euskaltzaindiak

  • Hitzarmen-marko berriak sei urteko epealdia hartuko du (2017-2022).
  • Besteak beste, eta akordioaren bitartez, honako egitasmo hauek bideratuko dira: Ipar Euskal Herriari dagozkion argitalpenak segurtatuko dira, hala nola lurraldeko gaiak, idazle batzuen idazlan ala antologia batzuen argitaratzeak; Euskaltzaindiak euskara batuaren alorrean egindako lana zabaltzen eta hedatzen ahaleginduko da Euskararen Erakunde Publikoa; eta Akademiak toponimoen grafia egokiari buruz EEPk ukaiten dituen galderak erantzungo ditu.
  • Andres Urrutia, euskaltzainburua: “Hitzarmen hau bestelako pausoa da Euskaltzaindia goi mailako erakunde moduan aitortzeko. Jada egina da hori Euskal Autonomia Erkidegoan nahiz Nafarroan, eta oraintxe dator Iparraldearen orena”.
    “Itun honekin euskal lanak sustatu nahi ditugu, batetik, eta, bestetik, euskararen presentzia indartu nahi dugu bizitza publikoan eta jendaurreko jardunean”, azaldu du.
  • Mathieu Bergé, EEPren presidentea: “Plazer bat da hitzarmen hau sinatzea, niretzat azkena izango dena, Euskal Elkargoarekin aldaketa handien garaian baikaude Ipar Euskal Herrian”. “Euskal Elkargoarekin aldaketak datoz, Herriko Etxeek euskararen eskumenak haren esku utzi ahal dituzte, baina, era berean, herriek mantendu behar dute euskararen aldeko ekimenak egiteko gaitasun hori”, gaineratu du.

    EEPeuskaltzaindia
    (Mathieu Bergé EEPko lehendakaria, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin eta Xarles Bidegain euskaltzainburuordearekin)

 

'Estereotipoetatik ihesi', Bilbo Zaharra Forum-en

  • Urtero eta ekainean, etenik bako irakurraldia antolatzen du Bilbo Zaharra euskaltegiak, eta, horren harira, bestelako egitasmoak programatzen dituzte. Horietako bat da Bilbo Zaharra Forum-a, hiru hiletik behin egiten dena.
  • Datorren astean, hiru ekitaldi iragarri ditu euskaltegiak, 'Estereotipoetatik ihesi' lemapean, eta bertan Bernardo Atxagak, Iratxe Retolazak, Ibon Egañak eta Hinka taldeak parte hartuko dute.

    EstereotipoakII internet 61

  • Beste behin, Euskaltzaindiak hartuko du Forum-en ziklo berria, neguari dagokiona. Lehenengoko hitzaldia astelehenean izango da, otsailak 20 dituela, eta Iratxe Retolazak eta Ibon Egañak parte hartuko dute bertan. Bien artean Querr literatura aztertuko dute. Bigarren hitzordua asteartean izango da, eta ordurako Hinka taldearen ikuskizuna iragarri dute Bilbo Zaharra euskaltegiko arduradunek; Itxaro Borda poetak idatzitako testuekin onduko dute kontzertua Hinkakoek. Hirugarren eta azken hitzaldia Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzainak eskainiko du, asteazkenean. Oraingoan, Atxagak itzulpenari buruz jardungo du ('Itzulpena kristalezko zubi bat da'). "Oraingo egoera erokeria da. Itzulpenarena estatu auzi bat da. Aparteko kontseilaritza bat behar luke, eta behar bezala antolatzeko plan orokor bat. Eta azpigai bat litzateke nora bideratuko ditugun itzulpenaren indarrak", esan du asteasuarrak, behin baino gehiagotan.
  • Egitasmo guztiak 19:00etan izango dira, Akademiak Bilbon duen egoitzan (Plaza Barria, 15).

 

Hitzarmen-marko berria sinatuko dute EEPk eta Euskaltzaindiak

  • Ostegun honetan sinatuko da, Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzan, Baionan.
  • Mathieu Bergé (EEPren presidentea) eta Andres Urrutia (euskaltzainburua) izango dira bertan.
  • Bi erakundeek orain arteko bidea ontzat eman eta 2017-2022 epealdirako hitzarmen-marko berria sinatuko dute.

    image1
    (Mathieu Bergé, EEPren presidentea)

 

"EGUNArekin, ezina egina bihurtu zen"

  • Euskara hutsean egindako lehen egunkariari buruzko jardunaldia egin da, gaur, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, 'Euskal prentsaren hastapena, oraina eta geroa' lelopean.
  • Bertan, Joseba Agirreazkuenaga EHUko Historia Garaikide saileko katedradunak EGUNA egunkariaren aurrekariak aztertu ditu. Halaber, 1937ko urtarrilean jaio zen EGUNAren sorrerari buruzko datu interesgarriak eman ditu katedradunak: "EGUNAk modernotasunez jokatu zuen, emakumezkoek ere idatzi zuten, eta ikuspegi historiko handia erakutsi zuten idazle eta kazetari haiek". "EGUNArekin, ezina egina bihurtu zen", adierazi du Agirreazkuenagak.
  • Xabier Altzibar EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saileko irakasleak EGUNAn jardun zutenen profilak aztertu ditu, tartean datu argigarriak eman dituela. "Ehun bat idazle aritu ziren 1937ko EGUNAn; hori kopuru izugarria da", agertu du Altzibarrek.
  • Arrakasta handia izan du Bilboko Udalak, Euskaltzaindiak, EuskalPenKlubak, Deiak eta Sabino Arana Fundazioak elkarlanean sustatu duten egitasmoak, eta asko izan dira Akademiak Bilbon duen egoitzara hurbildu direnak, orduko historia eta istorioak ezagutzeko irrikaz.

    EGUNA jardunaldia
    (Jardunaldian parte hartu duten kazetari eta hizkuntzalariak, erakunde desberdinetako ordezkariekin)
    IMG 2285
    (Ikusmin handia sortu du EGUNA jardunaldiak, eta esparru diferenteetako pertsona ugari hartu ditu, goiz osoan zehar, Euskaltzaindiaren egoitzak)

 

Plazaberrin harpidetu:

Sare sozialetan:

Twitter

 

Agenda

Ez dago gertakaririk egun honetan

Gure agendan harpidetu:

Azken argitalpenak

Argitalpen guztiak ikusi