Plazaberri

'Bihotzetik sortutako ideiak' gailendu dira 2017ko Azkue Literatura sarietako olerki eta ipuinetan

  • Guztira 151 lan aurkeztu dira aurtengo lehiaketara, eta epaileek lanen sakontasuna nabarmendu dute. Horrez gain, gizarteak dituen arazoak, kezkak eta pozak gazteek ere bete-betean bizi dituztela azpimarratu dute.
  • A mailan (10 eta 13 urte bitarteko gazteen saila) Maialen Leiza -narrazioan- eta Lur Lopez -poesian- gailendu dira; B mailan (14 eta 17 urte bitartekoak) Anne Arrizabalaga -narrazioan- eta Peru Amorrortu -poesian- izan dira irabazleak.
  • Oiartzun, Gernika-Lumo, Azpeitia, Gasteiz, Beasain, Otxandio eta Usurbilkoak dira aurten nabarmendu diren idazle gazteak.
  • 1991tik, Akademiak berak eta BBK Fundazioak antolatzen dituzten sari hauen xedea da idazle gazteak literatura mundura erakartzea.
  • "Segi literatura jorratzen, segi irudimena lantzen, zuek baitzarete etorkizuneko idazleak", adoretu ditu Andres Urrutia euskaltzainburuak.

    2017 Azkue Literatur Sariak -sarituak-
    (Sarituak, gaur, Bilboko Plaza Barrian, epaile, euskaltzainburu eta BBK-ko arduradunekin batera)

 

Radio Bilbaoren Bikaintasunaren Saria jasoko du Euskaltzaindiak apirilaren 17an

  • Akademiak "euskararen zaintzan eta erabileran egindako lan eskerga" nabarmendu dute Radio Bilbaoko arduradunek.
  • Sari-ematea datorren asteartean izango da, apirilak 17 dituela, Bilboko Alhondegian, 19:00etan.
  • Andres Urrutia (euskaltzainburua): "Euskaltzaindiarentzat ohore bat da sari hau jasotzea. Oraingo eta iraganeko euskaltzainen izenean jasoko dugu, esker onez. Bostehun eta zenbait inguru euskaltzainek (88 oso, 102 ohorezko eta 457 urgazle) osatu dute historian zehar Akademia, eta osatzen dugu egun ere, erakundearen langileekin eta herriarekin batera, halako errealitate sendo eta esanguratsua osatzen dugula, euskara edonon aldezteko eta aldarrikatzeko, euskarari buruzko ikerkuntza eta jagote lana bilduz eta bateratuz, pentsamolde desberdineko kideen bitartez. XXI. mendean jarri ditugu oinak, gaur egungo euskal gizartearen eskakizunei erantzuteko, zorrotz eta prestutasunez".

    DSC00492
    (Euskaltzainak, otsailean Iruñean egin zen Osoko bilkuran)

 

Bilbon euskararen erabilera soziala indartzeko hitzarmena sinatu dute Udalak eta Euskaltzaindiak

  • Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak urtebeterako luzatu dute euskara sustatzeko indarrean dagoen erakunde bien arteko lankidetza-hitzarmena. Hitzarmen hori duela hamar urte baino lehenago sinatu zen aurrenekoz eta ordutik urtero berresten da.
  • Honela, Bilboko Udalak 35.500 euroko diru-laguntza emango dio Akademiari, euskal literaturaren ikaskuntza sakona bultzatzeko, hizkuntza-aholkularitza bermatzeko eta hirian euskararen erabilera sustatzeko.
  • Hitzarmen honen helburuak dira, batetik, euskara eta euskal kultura sustatzeko jarduerak egitea Euskaltzaindiaren egoitzan, eta, bestetik, Bilborekin eta euskararekin lotura duten pertsona esanguratsuen lanak eta biografiak argitaratzea. Aurten, Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkariaren biografiari ekingo zaio.
  • Andres Urrutia: “Egunero-egunero, une gozo zein zailetan, euskal kultura eta euskararen alde jardun izan du Euskaltzaindiak, eta hasiera-hasieratik alboan izan du Bilboko Udala”.

    IMG 5767
    (Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Andres Urrutia euskaltzainburua, gaurko prentsaurrekoan)

 

Sarako Idazleen Biltzarra, literaturatik harago

  • Pazko astelehenez eta eguraldia lagun, lan berri bat aurkeztuko du gaur Euskaltzaindiak Sarako Idazleen Biltzarrean: 'Euskal Elkargoaren sortzea eta euskararen geroa'. 2016ko azaroan, Euskaltzaindiko Sustapen batzordeak Baionan egindako Jagon jardunaldiko txostenak biltzen ditu lan honek. 

    DSC00904
    (Jean-Baptiste Coyos eta Xarles Videgain euskaltzainak, Ipar Euskal Herriko herri agintariekin, gaurko agerpenean)

  • Jean-Baptiste Coyos Euskaltzaindiko Jagon sailburuak prestatu du liburukia, eta gaurko prentsaurrekoan esan duenez, "ondorengo urteetan Ipar Euskal Herriko euskalgintzak eman beharreko pausoak biltzen ditu, duela bi urte Jagon jardunaldietan irudikatu zirenak". Eta nabarmendu ditu liburukian datozen artikuluetako batzuk, tartean, Sagrario Aleman euskaltzain nafarraren Geroa euskaldunago, Kontseiluko Argitxu Etxandiren Euskararen estatusa: legezko koadroa eta aukerak, edo Allande Socarros Zuberoako Herri Alkargoko euskara arduradunaren Ipar Euskal Herrian euskararentzako erronka berriak.
  • 2016ko Jagon jardunaldi hartan Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak elkarrekin eginiko adierazpena ere badakar liburuki berriak (Ipar Euskal Herrian euskara galzoritik atera eta indarberritzeko-bidean paratzeko).

    DSC00854
  • Gainera, aurten Koldo Zuazo euskaltzain urgazlea omendu du Sarako herriak, azken bost urteotan bertako euskararen alde eginiko lanagatik. Besteak beste, Zuazok herrian jasotako hitz eta erran-zaharrak bildu ditu Sarako euskara ikerlanean.

    DSC00875
    (Koldo Zuazo, Sarako auzapezarekin)

 

Plazaberrin harpidetu:

Sare sozialetan:

Twitter

 

Gure agendan harpidetu: